Markel Irizar: "Garaipen beharra daukagu eta %200 emango dugu"

Mireia Bikuña 2017ko eka. 30a, 08:30

Erlojuaren kontrako hamalau kilometroko etaparekin hasiko da Frantziako Tourra bihar, zapatua, Düsseldorfen (Alemania). Trek-Segafredo taldeko bederatzikoan izango da Markel Irizar oñatiarra.

Nola heltzen zarete taldea eta zu zeu Tourraren hasierara?

Gogotsu gaude. Orain arteko prestakuntza saioak oso ondo joan dira. Hasteko gogoz gaude.

Alberto Contador taldean egonda, Tourra irabaztea duzue helburu?

Bai. Contadorrek badaki zer den Tourra irabaztea eta aurtengoa irabazi gura du. Taldearen helburua hori da. Helburua eta beharra ere bai.

Zergatik diozu taldeak "beharra" duela?

Prestaketa oso ona egin dugu, baina emaitzak falta zaizkigu. Bigarren eta hirugarren postu asko lortu ditugu, baina garaipenik ez. Hori eskatzen digute babesleek eta hori lortzeko lehiatuko gara.

Behar horrek presio maila handitu egiten du?

Zalantza barik, bai. Urteko lasterketarik garrantzitsuena da, eta erakusleiho bikaina taldearendako eta txirrindulariendako.

Contadorren presentziak eta Tourra irabazteko beharrak lasterketaren plangintza baldintzatu dute?

Bai. Txirrindulari guztiok dakigu zein den gure lana. Contadorri ez bazaio ezer larririk gertatzen, guztiok egin beharko dugu lan harendako. Hori da plangintza, eta ez daukagu marjinarik. %200 eman beharko dugu Contadorren alde. Hori bai, errepidea izango da azken epaia emango duena; hark esango digu zein postu merezi dugun.

Dena dela, sailkapen orokorraz gain, etaparen bat irabaztea ez duzue baztertuko.

Ez, eta Contador izango da etapak irabazteko hautagai nagusia. Pantanok eta Mollemak ere aukerak izan ditzakete.

Tourreko lehenengo astea beti da arriskutsua erorikoengatik.

Beti esan izan dut lehenengo asteak ez duela Tourreko irabazlea nor izango den zehazten, baina bai Tourra nork irabaziko ez duen. Esprintean erabakiko diren etapak oso azkarrak dira eta kontu handiz ibili beharko dugu.

Contador, Froome, Quintana...

Hautagai nagusiak. Nik Richie Porte ere kontuan hartuko nuke. Dauphinen oso indartsu ikusi nuen. Akaso, indartsuegi. Alejandro Valverde eta Fabio Aru ere aurrean ibiliko dira. Beste edozein agertzen dela ere, ezustea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak