Mondratek baiezkoa eman dio kategoriaz igotzeko eskaintzari

Xabier Urtzelai 2017ko eka. 29a, 15:06

Euskal Ligatik bi talde gipuzkoar igo direnez –UDA Aretxabaleta da horietako bat– kategoria horretan utzitako hutsunea betetzeko eskaintza jaso zuen Mondratek federazioaren partetik. Ondo hausnartu ostean zuri-moreek baietz esan dute

Kantxan ez zuten urteko helburua lortu, Gipuzkoako lehenengo mailatik Euskal Ligara igotzea. Gertu izan zuten kirol lorpena, baina play-offak ez ziren gura modukoak izan. Duela aste batzuk, baina, Gipuzkoako federazioko bulegoetatik jaso zuten mailaz igotzeko eskaintza, eta Mondrateko ordezkariek baiezkoa eman dute, Euskal Ligan jokatuko dute: "Erabakia hausnartzeko egun batzuk hartu genituen, baina egia esan, urte osoa ibili gara ideia horrekin, mailaz igotzeko lanean, eta taldea prest dago horretarako", adierazi du Jonathan Rasok.

Bigarren taldea aterako dute 

Erabakiaren aurrean hartutako lehenengo neurria da senior mailan beste talde bat ateratzea, eta baita gazte mailako taldea sortzea ere: "Gipuzkoako erregional mailan jokatuko du bigarren taldeak, eta lehenengo taldean jokalari faltan bagaude talde horretatik egingo dugu tira. Ligak luzeak dira, eta fitxa guztiak bete gura ditugu. Alde horretatik, Zaldibarren jokatzen ibili diren hainbat jokalari jarri ziren gurekin harremanetan, eta eurekin osatuko dugu bigarren taldea. Eta, inor animatuta balego, ongietorria izango litzateke".

Campusa, Musakolan 

Bestalde, gaztetxo koadrila galantak eman du izena Mondrateko futbol campusean: "Baina oharra helarazi gura dugu, Iturripeko kantxan ur-hodiren baten arazoak izan direlako eta kantxa ez dagoelako erabilgarri. Horregatik campusa Iturripen beharrean Musakolako kirol instalazioetan egingo dugu".

Ordutegian, baina, ez da aldaketarik izango, gaztetxoak 10:00etatik 13:30era egongo dira campusean –zaintza zerbitzua 09:00etatik egongo da–.

Kadeteak Benicassimen izan dira

"Esperientzia bikaina izan da, oso ondo ibili gara denak. Areto futbolean jokatzeaz gain, bestelako ekintzak ere egin ditugu", adierazi dute asteburuan Benicassimera bidaia egin eta Futsal Cup-en parte hartu duten Mondrateko ordezkariek.

Taldekideek egubakoitzean egin zuten Castellon aldera bidaia, 04:30ean abiatu ziren. 11:00etarako Oropesan zeuden eta arratsaldera bitartean atseden hartu zuten, bi partidu jokatu behar zituzten-eta jarraian. Red Blue Europa LNFS talde madrildarraren kontra lehia parekatuaren ondoren 3-2 irabazi zuten. Eta ondoren 7-4 galdu zuten Villarcor taldearen kontra. Azken norgehiagoka zapatu goizean izan zuten, Talaveraren kontra. Partidu ona eginda bazuten ere 3-2 galdu zuten: "Pozik bueltatu gara, estatu mailako puntako taldeen aurrean oso lehiakorrak izan garelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak