GSR Fundazioko presidente Iñaki Roak eta Cuidados Dignos Fundazioko Ana Urrutiak formalizatu dute gaur, GSR kooperatibak Arrasaten duen egoitzan, loturarik gabeko pertsonarengan zentratutako zainketa eredua sustatzeko hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Emilio Sola bertan zela.
Libera-Care deituriko tresna loturarik gabeko eta pertsonarengan zentratutako zainketa eredua da, Ana Urrutia doktoreak sortutakoa, eta egun 150 erakundek baino gehiagok jaso dute prestakuntza, tartean Aretxabaletako GSR Debagoiena zaharren egoitzak ere bai.
Gaixoak zaintzeko lotura murriztaileen kudeaketa, edo loturarik ez erabiltzea, munduko herrialde aurreratuetan gaindituta dagoen gaia dela adierazi dute, baina gaineratu dute gure inguruan "gehiegi" erabiltzen jarraitzen dela.
Eta hain justu ere, eredu berri horrekin pertsonarengan zentratu nahi dute. Dagoeneko hainbat prestakuntza jarduera egiten dihardute, lotura bidezko zainketaren praktika desagerrarazten laguntzeko.
Aliantza beste urrats bat da pertsonen zainketan, izan fisikoki zein kimikoki, eta halaxe azaldu du Eusko Jaurlaritzako ordezkari Emilio Solak ere. Gaineratu du orain dekretu berri bat ari direla garatzen zaharren egoitzetarako, gaur egun indarrean dagoen 1998koa ordezkatuko duena. Esan du "zaharkitua" gelditu dela egungoa eta dekretu berriari buruz, hauxe aurreratu du Solak: “Sustatuko duguna da lotura fisikorik gabeko zainketa, jakinik, horretarako, nolabaiteko arriskuak hartu beharko ditugula”.
Hamar egoitza ziurtagiriekin
GSRk zehazki dagoeneko hamar egoitza ditu Libera-Care ziurtagiriarekin egiaztatuta, eta beste bost egiaztatzeko prozesuan daude. GSRk kudeatzen dituen hogei egoitzetatik, pertsonak lotzeko gailuen erabileraren maila %4 baino gutxiagokoa dela ziurtatu dute.