Ez da luzea, 1.300 metro ditu. Baina, distantzia horretan 155 metrotako desnibela igotzen da, eta puntu batzuetan %20ko pendiza du errepideak. Domekan bergarar askok egingo dute behetik gorako bidea, erromerian. Egubakoitzean, baina, ziklisten txanda izango da.
Euskaldun Torneo barruan
Egubakoitza, hilak 30, 18:30ean Euskaldun Torneoko ziklista onenak batuko dira Bergaran: "Ziklista kopuru polita datorrela adierazi digute federaziotik, 70etik gora. Kadete, gazte maila eta elite eta 23 urtez azpiko kategoriakoak izango dira eta poztu egin gara hori entzundakoan, kronoigoera izanda bazegoelako espezialistak bakarrik etortzeko arriskua", adierazi du Lokatzako presidente Jon Unamunok.
Irteera puntua Aspaceko egoitza ondoan egongo da, eta hortik gora ziklistek 6-8 minututako lana izango dute –kategoriaren arabera–: "Kadete mailakoendako, bai, gogortxoa da, baina esperientzia polita izango da eurendako. Lasterketa aurretik arrabolan ibili, ondo berotu, erropaz aldatu eta kronoigoera egin. Eta, ikusleendako ere oso lasterketa aproposa da, herrigunetik 10-15 minutura leku aproposak daudelako igoera ikusteko". Hala, ziklismo zaleek bertatik bertara ikusi ahal izango dute Eider Merino (Lointek Team) edota Lorena Llamas (Bizkaia Durango) moduko igotzaileek egin dezaketen lana.
Denborak, Stravan
Zikloturisten artean igoeretan egiten den denbora neurtzeko dagoen zaletasunaren aurrean, antolatzaileek Strava aplikazioan 'San martzial-lamaño' izenburuaz igoera erregistratuta utzi dute. Eta bestalde, Txapa irratian igoeraren kontakizuna egingo dute, zuzenean (97.20 FM).
Irteera orduak, eta parte-hartzaileen zerrenda: