Talde gasteiztarra Eibarko harrobi taldea da, eta armaginek gaur baieztatu dute Igor Gordobilek (Arrasate, 1971) zuzenduko duela CD Vitoria taldea. Hala, astebete baino ez du egin Gordobilek talde barik, eta bere futbol ibilbidean beste pauso bat eman ahal izango du Araba aldean.
Bi denboraldi on Leioan
Debagoienean ezaguna da Igor Gordobil, besteak beste Bergaran, Mondran eta UDAn egindako lanagatik. Azken urteotan, baina, goragoko kategorietan lan egin izan du, eta, azken bi urteotan Leioan egindako jarduna emankorra izan da [Duela hilabete gutxi GOIENAren bisita izan zuen Leioan, behean lotura]. Aurten, talde bizkaitarrarekin eskura izan zuen igoera fasera sailkatzea, baina liga amaieran beherakada nabarmena izan zuen taldeak, eta Gordobilek entrenatzaile moduan izandako atsekabe handietako bat bizi izan du hilabete hauetan. Denboraldia amaituta, eta urtebeterako kontratua izan arren zuzendaritzarekin izandako desadostasunen ondoren 'Gordo'-k taldea uztea erabaki zuen. Astebete baino ez du egin talde barik, eta indarberrituta, Gasteizen jarriko ditu ostera ere ilusioak.