Kontziliazio Erantzunkiderako Foru Plana aurkeztu du gaur Aldundiak

Mirari Altube Arrese 2017ko eka. 26a, 14:54

"Etorkizuneko erronka ekonomikoei eta sozialei erantzuteko" asmoarekin jarri du abian foru plana Aldundiak eta "Europan buru izango dela Gipuzkoan berdintasun arloan" adierazi du.

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sartzen da Gipuzkoako Kontziliazio Erantzunkiderako Foru Plana eta herritarrei bizi ibilbide oso bat garatzeko aukera eman nahi diela adierazi du Markel Olanok, diputatu nagusiak, gaur, ekainak 26, egindako aurkezpenean: "Pertsona eta bere ongizatea direlako gobernu honen politika guztien ardatz nagusia".

"Gipuzkoaren etorkizuneko erronka ekonomiko eta sozialei erantzuteko" bide-orri bat eta hainbat ekintza definitu ditu proiektuak, eta horretan Aldundiko hainbat departamentuk hartu dute parte. Besteak beste, honako hauek iragarri dituzte: lankidetza programak aktibatu eta enpresa erantzunkideen sareak sortu traktore gisa aritzeko; prestakuntza eskaini, gazteei zuzenduta batez ere; kirol jarduerak sustatu, kontziliazioari eta erantzunkidetasunari lotutako kultura garatzeko; eta ikerketa bekak sortu.

"Ekimen aitzindari honek gizarte aurreratuenen artean jarriko du gure lurraldea", esan du diputatu nagusiak. Eta plan horrek emakumeen jabekuntza ekonomikoa sustatu nahi duela adierazi du: "Erronka kritiko bat da, eskubide sozial, indibidual eta kolektiboen eskubideetan oinarritutako gizarte eredu bat eraikitzeko". Eta gaineratu du oraindik "maskulinizatuta" dagoen ekonomiaren aurrean, "erantzunkidetasuna eta kontziliazioa sustatzea" dela gakoa.

Planaren xehetasunak

Miren Elgarrestak, bere aldetik, planaren xehetasunak eskaini ditu. Indarkeria matxistaren aurkako Aurre! Planarekin batera, ekimen garrantzitsuena dela Gipuzkoan berdintasuna sustatzeko adierazi du, eta azken urtean prestatutako plana dela hainbat alorretako pertsonen eta eragileen parte hartzearekin (alor akademikoa, enpresa, mugimendu sozialak, komunikabideak…).

Planaren laugarren ardatz estrategikoa azpimarratu du Elgarrestak, hau da, HerriLAB izenekoa. Horren bitartez Gipuzkoako herri bat aukeratuko dute esperimentu-laborategi izateko eta planean jasotako kontziliazio erantzunkiderako praktika gehienak abian jartzeko. Herri horren izena eta proiektuaren irismena datozen egunetan jakinaraziko dute.

Elgarrestak kontziliazio kanpaina ere aurkeztu du eta horretarako Josemi Rico arkitekto eta irakaslearen laguntza izan du, bera baita kontzientziazio kanpainaren protagonista. Ilustrazio desberdinak sortu dira eta hainbat ikus-entzunezko produktu ekoiztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak