Lan "interesgarriak eta maila altukoak" aurkeztu dira Ekiten Lehiaketan

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 23a, 12:43

Hamaikagarren edizioa izan du aurten Mondragon Unibertsitateko ekintzailetza-programa honek, eta ekimen honen helburua da ikasleengan ekintzailetzaren kultura txertatzea. 35 proiektu aurkeztu dira guztira, horietatik 10 Latinoamerikako unibertsitateetakoak.

Jon Altuna errektoreorde akademikoak eman zituen sariak pasa den egubakoitzean, eta lau kategorietan banatu ziren proiektuak: Enpresa ideia berriak, Landa Ingurunea Garatzeko proiektuak, Pertsonen Eguneroko Bizitza errazteko zerbitzu berritzaileak eta Latinoamerikako proiektuenak.

Urtetik urtera sendotzen doan lehiaketa dela adierazi du Altunak, eta bertara aurkezten diren proiektuen maila altua dela azpimarratu du. "Lan batzuk makalagoak izan diren arren, orokorrean oso maila oneko proiektuak aurkeztu dira. Gainera, ideiaren batek aurrera jarraitzeko bidea badauka", adierazi du Altunak.

Geosafe izeneko proiektuak jaso du lehen saria Enpresa Ideia Berrien kategorian. Azpiegitura zibilen egitura-osasuna monitorizatzea helburu duten proiektu sorta da Geosafe. "Gaur egun, ikusi dugu azpiegitura zibilak eraikita daudela, baina ez daudela monitorizatuta. Segurtasuna bermatzeko beharra ikusi dugu, hauek azpiegitura hauek monitorizatuz eta horren bitartez mantentze lanak erraztea. Merkatuan badaude monitorizatzeko sistemak, baina ez daude oso garatuta. Beraz, sistema horiek oinarri hartuta, hobetu egin ditugu", dio proiektua garatu duen lantaldeko Julen Balzategik.

Landa Garapeneko Ideien eta Proiektuen kategorian berriz, Oneiñ ekimena izan da onena, epaimahaiaren iritziz. Hileko kuota finkoa ordainduz produktuak astero jasotzeko egitasmoa da hau. "Elikadura eta bertako produktuak sustatzeko zerbait egitea nahi genuen. Horretarako, pentsatu genuen sasoiko eta hemengo produktuak batzea, eta hemengo produktoreekin lanean ari gara. Banaketa bat egin nahi izan dugu, jendearen bizitza estilora egokitzeko", adierazi du Xabi Narbaizak, proiektua landu duen lantaldeko kide batek.

Pertsonen Bizitza errazteko proiektuen kategorian Rehicrova enpresa izan da irabazlea, zirkulazioko bide-seinaleetan erabiltzeko ezaugarri bereziak dituen estaldura hidrokromatikoa garatzea helburu duen proiektua.

Azkenik, Latinoamerikako ikastegien kategorian, lehenengo bi sariak eman gabe gelditu dira eta hirugarren saria Edad de Oro Tours proiektuak eraman du, adineko pertsonen arretan espezializatutako bidaiak eskaintzen dituena.

Lehenengo sariaren proiektu irabazleek 1000 euroko saria izango dute eta bigarren eta hirugarren sailkatuek 500 eurokoa.

Saritu guztiak, kategoria ezberdinetan:

Enpresa Ideia Berriak

1-Geosafe (Julen Balzategi, Unai Cobo eta Edurne Palacio)

2-JelliFizz (Jose de la Rosa, Rocio Alexandra Valencia, Andrea Vicens eta Mariia Makarova)

3-Backsense (Aritz Arruabarrena, Imanol Allende eta Unai Izagirre)

Pertsonen Eguneroko Bizitza errazteko Ideia eta Zerbitzu Berritzaileak

1-Rehicrova (Marc Raluy eta Mikel Larrayoz)

2-Alfred (Iñaki Agirre, Gorka Garcia eta Antonio Pipaon)

3-IntellCont Solutions (Ivan Mendoza, Pello Heriz eta Garikoitz Gorostidi)

Landa Garapena

1-Oneiñ (Xabier Narbaiza, Eneritz Arizmendiarrieta, Itziar Madariaga eta Jon Beitia)

2-Dawada (Alison Stefania, Marta Castillo eta Rodrigo Orozco)

3-LurBot (Iñigo Larrañaga)

Mondragon Unibertsitatearen sarea (Latinoamerika)

1-Hutsik

2-Hutsik

3-Edad de Oro Tours (Ana Laura Amezaga, Alejandro Guirola Maria Fernanda Juarez Mariana Maldonado, Valeria Perera eta Casandra Zaragoza)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak