Udana Racing taldeko lagunek dena dute gertu Udanako 12. Igoerarako, eta Oñatiko lasterketarekin dagoeneko Mendiko Sariko egutegi erdia jokatuta izango dute pilotuek –bederatzi lasterketetatik lau Debagoienean antolatzen dituzte–. Hala, biharko lasterketak ikuskizun ederra eskaintzen osagai guztiak ditu: "63 pilotuk eman dute izena, eta zenbateko polita da, lasterketa txukun bat egiteko modukoa. Egia da beste urte batzuetan oñatiar gehiago izan ditugula, baina halaxe tokatu da aurten. Batzuek autoa matxuratuta daukate, beste batzuk kanpoan dabiltza lanean eta iaztik hona autoa saldu duenik ere bada, horrenbestez, hainbat motibo daude beherakada horren atzean", dio antolaketa taldeko kide Koldo Txintxurretak.
Lasterketan bai izango dira Jagoba Txintxurreta (Seat Leon 1.8 Turbo), Julen Altuna (BMW 325) Txema Campos (BMW 325), Xabier Elgarresta (BMW M3), Aitor Arnaiz (R5 GT Turbo) eta Monika Muñoz (Citroen ZX) herrikideak, eta eurekin batera beste debagoiendar koadrila ona ere: "Monoplazen kategorian Aitor Zabaletaren eta Joseba Iraolaren arteko borroka ikusi ahal izango dugu, eta turismotan, esaterako, Cestafe bergarrara eta Corcuera arrasatearra ere aurrean ibiliko dira", dio Txintxurretak.
Segurtasuna, zorrotz
Aste barruan antolatzaileak eguraldi iragarpenei begira egon dira, oso aldakorrak izan dira-eta. Baina, badirudi ona egingo duela: "Dezente baldintzatzen du lasterketa, bai. Pilotuek gurpil ezberdinekin lehiatu behar izaten dute, eta segurtasuna bermatzea zailagoa izaten da, nahiz eta Udanan izandako istripurik larriena eguraldi onarekin izan genuen. Ordutik hona asko zorroztu dira segurtasun neurriak, eta esaterako, aurten ere paellatan hormigoizko harriak jarriko ditugu. Eta, kurba horietan ondo egongo da adierazita publikoa non jarri daitekeen, eta non ez. Horretarako, baina, ikusleei errespetua eskatu behar diegu, errespetua lasterketako zuzendariari, eta baita kurba bakoitzean egongo diren komisarioei". Guztira 50 lagun izango dira zeregin horretan, eta beste 10 kolaboratzaile izango dituzte. Dena lasterketa ondo joan dadin segurtatzeko.