Bainu denboraldi hasiera jendetsua izan da aurtengoa, egunotako beroengandik freskatu nahian, asko izan direlako herriko igerilekuetara bainua hartzera joan direnak.
Bergarako igerilekuak
Bergarako igerilekuetan, esaterako, jendetza dabil egunotan, eta ume eta gaztetxoak pozik dabiltza. Hala ere, nagusiagoen artean, haserre edota egonezina suma daiteke, uretara sartzeko jende ilarak sortzen direlako.
Udaletik barkamena eskatu diete erabiltzaileei bizitzen ari diren egoerarengatik eta adierazi dute orain arte urtean zortzi edo hamar egunetan betetzen zela aforoa, baina aurten dagoeneko azken hiru egunetan bete dela. Egoera hobetzeko, epe motzera hiru neurri ere hartuko dituztela iragarri dute. Sorosle bat gehiago jarriko dute; aforoa betetzen denean kanpoko jolas igeritokia hogei minututik hogei minutura hustuko da erabiltzaile berriak sartu ahal izateko; eta aforoa gaindituko dela aurreikusten dutenean, ez dira sarrerarik salduko, eta abonatuek soilik izango dute sarrera eskubidea. Epe ertainera begira, berriz, ur-jolasen instalazioa baloratuko da.
Bestalde, eta iazko arrakastari eutsiz, zapatuan, hilaren 24an Agorrosin Kirol Guneko kanpoko zein barruko igerilekuak zabalik egongo dira gaueko 23:30ak arte. Agorrosin Gaua izena jarri diote aurten, eta hainbat ekintza izango dira: uretako puzgarriak, baloi erraldoiak, ur jolasak eta musika, esaterako.
Arrasateko igerilekuak
Arrasateri dagokionez, zabalik daude kanpoko igerilekuak, baina San Juan jaiak direla eta, hainbat aldaketa egongo dira ondorengo egunetan. Egubakoitzean arratsaldeko 19:00tan itxiko ditu ateak kiroldegiak; zapatuan, San Juan egunez, itxita egongo da; eta domekatik aurrera udako ordutegia egongo da martxan, hau da, goizeko 09:00tatik gaueko 21:00ak arte.
Gainera, ikusita kiroldegiko aparkalekua topera egoten dela, Arruena erabili ahal izango da aparkaleku bezala, uda garaiko igerilekuak zabalik dauden bitartean.
Oñatin, igerileku txikian aforo kontrolatua
Oñatin igerilekuetako berdegunea zabalik dago, eta astelehenean eta martitzenean aforo kontrolatua izan zen igerileku txikian. Beraz, zenbait unetan uretatik norbait irten arte, ezin izan ziren sartu zain zeudenak.
Aretxabaletakoa eta Eskoriatzakoa
Aretxabaletako solariuma, berriz, zapatu honetan zabalduko dute. Eta Eskoriatzako berdegunea zabalik dagoen arren, kanpoko igerilekua uztailaren 3tik aurrera egongo da erabilgarri.