Ekainaren 28an kalera ateratzeko deia egin du Debagoieneko Koordinadora TransMarikaBolloFeministak

Maite Txintxurreta 2017ko eka. 21a, 11:57

Bigarren urtez jarraian eskualde mailako deialdi bateratua egin dute Sexu Askapenaren nazioarteko egunerako. Aurtengo manifestazioa Bergaran egingo dute, 19:30ean San Martin Plazatik aterata. Transfobiaren aurkako borrokarengan jarriko dute fokua aurtengo hitzorduan.

Iaz Arrasaten egin zuten LGTBI+ Harrotasun egunerako Debagoieneko Koordinadora TransMarikaBolloFeministak deitutako manifestazioa, eta eskualdeko herri guztietatik pasatzeko konpromisoari jarraiki, aurtengoa Bergaran izango da. Esan bezala, 19:30ean abiatuko da manifestazioa San Martin Plazatik, eta herriko erdiguneko kaleak zeharkatu ostean, Irala kalean bukatuko da. Martxa bukatu ostean, festa giroan jarraituko dute aldarrikapena, Pol-Pol tabernan DJ jaia egongo delarik.

Transfobiaren aurka

Aurtengo leloa Nire identitatea ez dago hanka tartean! Transfobiarik ez! izango da. Izan ere, "aldarrikatzeko gaiak asko izanda ere", deitzaileek Transexualitate eta Transgeneroaren aldeko eta Transfobiaren aurkako borrokari eman nahi izan diote garrantzia berezia aurten: "Transexualak diren pertsonak gizakia gizaki denetik existitu arren, hau da, transexualitatea kontu natural eta erreala izan arren, oraindik ezikusiarena egin nahi duten begi eta pentsamolde asko dago, baita herria ganoraz hezteko edota informatzeko asmorik ez duten erakunde zein norbanakoak".

Transfobiaren adibidetzat jarri dute, esaterako, Hazte Oir elkartearen autobusa, aurten Chrysallis haur transexualen gurasoen elkartearen sentsibilizazio kanpainaren aurka egiteko asmoz Euskal Herriko zenbait hiriburuetan izan dena. "Pertsona transexualak eta maite gaituzten pertsonak iraindu nahian, ez dira ohartu bizi osoan, idazteko gaitasuna dugunetik, testuliburuetan azaltzen diguten gezur berbera hedatzen ari zirela, ezer berririk esan gabe", adierazi du Ixotz Louyestek koordinadoraren izenean. Hortaz, Hazte Oir elkartearen kanpainaz gain, hezkuntza sistemak eta testuliburuek gizonezkoek zakila eta emakumezkoek alua dutela zabaltzen jarraitzen dutela salatu dute. Dena den, mezu horien aurrean jasotako elkartasuna ere eskertu nahi izan dute.

Hortaz, debagoiendarrei ekainaren 28ko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete, "gizartearentzat hezkuntza duin bat" aldarrikatzeko, "non gure sexu identitatea ez den kokatuko kromosometan edo hankartean eta jaiotzen gareneko itxurak ez duen gure bizimodua ala ongizatea baldintzatuko eta non gure orientazio sexualak ez duen gure bizitza baldintzatuko".

Hala, parekidetasunaren bidean atzera pausorik ez dutela emango adierazi dute: "Gure sexualitateak askeak nahi ditugu, izan eta disfrutatu, sentitu eta adierazi. Eta hori lortu arte borrokan jarraituko dugu".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak