Zapatuan du Uriartek urteko erronka: 'Everesting Wheelie Challenge', Etxaurin

Xabier Urtzelai 2017ko eka. 21a, 11:21

Antartik Studios-koek egindako aurrerapen bideoko irudi bat, Gorlan.

Aretxabaletakoak urtarriletik darama 2017ko kirol erronka mimoz prestatzen, eta iritsi da eguna. Zapatuan 8.848 metrotako desnibela gainditu beharko du bizikletan, gurpil bakarraren gainean. Horretarako ia 285 kilometro egin beharko ditu –142 kilometro aldapa gora–. Asmoa da erronka 21 ordutan egitea.

"Beroa egin ala euria bota, horrek ez nau horrenbeste arduratzen. Baina, haizeak bai, horrek arduratzen nau, albo batetik jotzen badu ezinezkoa izango delako erronka egitea", dio Markel Uriartek Everesting Wheelie Challenge-a hasteko egun gutxi batzuk geratzen direnean. Orbeako ziklista urtarrilean hasi zen 2017ko erronka prestatzen, 2016an Guiness errekorra egin eta gero. Beste txapelketa batzuekin tartekatu baditu ere –Joan den astean North Face Enduro Race de Vielha proba irabazi zuen–, sei hilabete ibili da prestaketa lanetan: kilometroak pilatzen, giharrak indartzen, lan espezifikoa egiten, lekua aukeratzen... Hasiera batean Tourmaleta aukeratu zuen Uriartek, baina Etxauriko mendateak erraztasun handiagoak ematen ditu, eguraldi hobea izateko aukera handiagoak, etxetik gertuago dago...

Zapatuan, 04:00etan hasiko du erronka

Uriarte eta ondoan izango dituen lagunak egubakoitzean abiatuko dira Etxauri aldera –Iruñea ondoan–. Goiz oheratuko dira, iratzargailua 03:00etan hasiko da-eta zarataka. Goizean goiz hasi gura dute erronka, 04:00ak aldera. Eta erronka egiteko 21 ordu inguru aurreikusten dituzte: "Ordubeteko zikloak egin gura ditut, denbora tarte horretan mendatea igo, jaitsi eta atseden apur bat hartzeko tartea izango dut, hurrengoa hasi arte. Everesting-a egiteko ez dago gehienezko denborarik: "Baina ez ditut 24 ordu edo gehiago egin gura, azken igoerak logureak jota egitea oso gogorra izango litzatekeelako". Asteburuan zehar GOIENAk jarraipena egingo dio Uriarteri, eta astelehenean Harmailatik saioan izango da (21:30), lortu ala ez, abentura kontatzen. Hemen erronkaren gainean egin duten aurrerapen bideoa. Eta, aretxabaletarrak jendea animatzen du bertan, erronka bertatik bertara ikustera joan daitezen, eta zergatik ez, igoeraren bat edo beste egitera anima daitezela. Zozkera ere jarri du abian, argazki originalena sare sozialetara igotzen duenak –#MarkelEWC da erabiliko duten hastagh-a– saria izango du, kaskoa eta betaurrekoak.

Zer da 'Everesting Challenge'-a?

Azkenaldian ziklista talde batzuen artean modan jarri den kirol erronka da, Everest mendiak duen desnibela (8.848 metro) bizikleta gainean gainditzea da helburua, mendatea edozein dela ere. Uriartek beste pauso bat aurrera egin gura izan du, eta Everesting-a gurpil bakarraren gainean egin gura du. Horretarako besteak beste Etxaurin, Urkiolan, eta batez ere Gorlan (Bergara) ibili da entrenatzen.  

Uriarte Gorlako azken kurba itxian. Irudia: Antartik Studios.

Erronka, datutan.

  • 6,3 Etxauri mendateak duen batazbesteko desnibel positiboa, ehunekotan.
  • 6,8 Kilometro ditu Etxauri mendateak.
  • 10 laguneko lantaldea izango du ondoan, bizikletan laguntzen, jatekoak prestatzen eta material grafikoa eskuratzen.
  • 21 Alditan igo beharko du mendatea 8.848 metroak egiteko (jaitsierak bi gurpilen gainean egingo ditu).
  • 21 ordutan espero du erronka egitea. Atseden hartzea posible da, baina ez lo hartzea.
  • 60 Minutu beharko ditu igoera egin, jaitsi, atsedenerako tartea hartu eta ostera hasteko. 
  • 142,5 kilometro egingo ditu aldapa gora, gurpil bakarraren gainean.
  • 285 Kilometro egingo ditu guztira.
  • 433 metroko desnibela gaindituko du igoera bakoitzean.
  • 9.093 metro igoko ditu guztira, erronka osatuta ere azken igoera goraino egin beharko duelako. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak