Zapatuan egin zuen EH Bildu ezker abertzaleko koalizioak lehen kongresua Bilboko Euskalduna jauregian, eta babes zabala lortu zuen Arnaldo Otegiren zuzendaritza politikoak. Orain arte, Sortuk, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek osatu dute koalizioa, baina aurrerantzean nortasun propioa izango du EH Bilduk.
Guztira 2.144 baiezko boto, %84a, jaso zituen zuzendaritza berriak, eta %93ko babesa izan dute txosten politikoak eta estatutuek.
Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiarekin batera izango dira zuzendaritzan Gari Mujika, Ainhoa Beola, Koldo Castañeda, Maider Karrere eta Josu Juaristi. Zuzendaritza politikoan, gainera, sei debagoiendar ere egongo dira. Horietako lau, zapatuan bertan hautatu zituzten militanteek, idazkaritzetako kargu ezberdinetan.
Etxebizitza eta Oinarrizko Eskubideak izeneko idazkaritzan izango da Maider Otamendi eskoriatzarra. Estatu Eraikuntzarako idazkaritzan Larraitz Ugarte oñatiarra izango da. Ander Rodriguez arrasatearra Politika Sozialak idazkaritzan izango da, eta Nerea Zubia oñatiarra Parte-hartzea eta Gobernantza idazkaritzan.
Gainera, alderdi politikoek mahai politikoko kide izateko ordezkari bana aukeratu zituzten, eta mahai horretako kide izango dira Eusko Alkartasunako Pello Urizar eta Aralarreko Rebeka Ubera debagoiendarrak.
Kongresuan, EH Bilduk “Independentzia eta eredu sozial berri bat” nahi duela eta “iraultza kontserbadorearen alternatiba” direla aldarrikatu zuen besteak beste Arnaldo Otegik.