Zertan datza Aretxabaletan eskaintzen duzuen zerbitzuak?
Gurasokidetasun programak krisi egoeran dauden familiei ematen die arreta, beti ere umeak daudelarik tartean. Profil guztiak hartzen ditugu barne: banaketa prozesuan daudenetatik hasi eta familia eredu berrietaraino. Horrez gain, bananduta ez dauden baina seme alabekin arazoak dituzten familiak ere artatzen ditugu. Zuzenean gurasoekin soilik egiten dugu lan, baina horrek gero seme-alabengan izango du eragina.
Iazko otsailean jarri zenuten martxan zerbitzua. Ze erantzun izan du?
Berbaldiak eskaintzen hasi ginen, baina ez zen jende askorik etortzen, eta gero psikologia zerbitzua jarri genuen. Gizarte langileek bideratzen dituzte hona familiak, baina ahoz-ahokoak ere asko funtzionatu du, eta jendea bere kabuz ere etortzen da. Jende asko etortzen da; batez beste, zortzi ordutan sei pertsona. Gehienbat dibortzio egoeran dauden emakumeak datoz.
Kosta egiten zaie gurasoei umeei banandu egingo direla esatea?
Hori da askori gehien kostatzen zaiena. Jendeak azalpen asko eman nahi izaten dizkie umeei, eta ez da beharrezkoa. Esan behar zaie gurasoak banandu egingo direla, eta aurrerantzean zelakoa izango den euren bizitzeko modua, drama barik, oihu barik eta bata bestearen kontra jarri barik; jarrera eta kontatzeko era oso garrantzitsua da. Ez dugu espero behar berehalakoan ondo hartuko dutenik, prozesu bat izan behar da eta. Hortik aurrera, umeak eurak hasiko dira galderak egiten, eta gurasoak horiek erantzuten joan beharko dira.
Nola lortu gurasoen arteko desberdintasunak alde batera lagatzea seme-alaben onbeharrez?
Sarri ikusten den egoeretako bat da gurasoetako bakoitzak, banandutako bizia hasten dutenean, arau edo agindu kontraesankorrak ematen dizkietela umeei. Hala, bietako bat oso permisiboa bada, eta bestea arduratzen bada arauak jarri eta betearazteaz, gerta daiteke umea baten alde jartzea eta besteari kontra egitea. Hortaz, lan bat egin behar da umearen hezkuntza bien artean koordinatzeko eta hari bizitzarako gidalerro etiko batzuk emateko. Lortu behar dena da umeak lehentasun moduan jartzea.
Zenbat iraun dezake egoera naturalizatzeko prozesuak?
Gurasoek nahi duten beste. Jende batek bizitza osoa haserre egon nahi duela dirudi, eta horrek ez dio fabore egiten umeari. Egia esan, zorionez, nik gurasoei hau kontatzen diedanean gehienek esfortzua egiten dute, eta ez dute itsututa jarraitzen. Azken finean, seme-alaben osasun mentala dago jokoan.
Zer gerta daiteke?
Banaketa prozesu bat gaizki egiten denean, ondorioa seme-alaba diktadoreak izan ohi dira. Errespetatzen ez dutenak, indarkeria darabiltenak, droga kontsumitzaileak... Nerabezaro garaian, batez ere.
Familia eredu berriekin ere lan egiten duzula diozu.
Bai; esaterako, banandu ostean bikotekide berria topatu duten gurasoekin, edota era berean bere seme-alabak dituen beste pertsona batekin elkartu direnekin. Egoera konplikatuak izaten dira. Esaterako, gertatzen da batzuetan gurasoetako baten bikotekide berri hori gehiegi sartzen dela amaren edo aitaren paper horretan. Interbentzioa hirukoitza da halakoetan: lehenengo nigana jo duen gurasoarekin landu behar dut, ondoren beste gurasoarekin, eta gero bikotekide berriarekin. Eta balego, beste gurasoaren bikotekidearekin ere bai. Guraso bakoitzak bere seme edo alabaren ardura hartu behar du. Baina badaude, esaterako, sistema tradizionala erreproduzitzen duten gizonezkoak, eta umeen zaintza emakumearengan lagatzen dutenak, nahiz eta bere bikotekidea ez izan ume horien ama. Eta nabarmendu behar da, orain aitor-amonekin ere lan egiten dudala; izan ere, gaur egungo gizartean hezkuntzaren pisu handi bat haiengan dago. Gurasoek sarri ardurak exijitzen dizkiete aitona-amonei, baina konturatu behar dira eurak direla umeen ardura daukatenak.