goiena.eus

Omendu dituzte Gernikan hobi komun batean ehortzita zeuden 82 gudariak; hamar debagoiendar zeuden tartean

  Gizartea  Debagoiena GAURKOAK

80 urtez ahaztuta egon diren 82 gudari omendu zituzten atzo Gernikan. Gehienak gipuzkoarrak ziren, eta tartean zeuden hamar debagoiendar. Ordezkari politiko asko batu zen ekitaldian, eta baita gudarien senitarteko asko ere: "Euren memoria ezabatzen saiatu zen frankismoa, baina ez dute lortu", adierazi zuen Olanok.

Gernika-Lumoko hilerrian egindako ekitaldian jende asko batu zen, 1936ko gerran borrokan hildako dozenaka lagunak omentzeko helburuarekin. Gehienak gipuzkoarrak zirenez –72–, Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin zien, eta horrela "zor historikoa" kitatuta zegoela adierazi zuen Markel Olano ahaldun nagusiak.

 Markel Olano: "Gaurkoarekin herri honen memoria kolektiboan txertatzen ditugu 82 gazte hauen eta bere familien oroimena, askatasuna eta zilegitasun demokratikoa bezalako balioen alde bizia eman zutenen bizipenak alegia". 

80 urtez "ahaztuta"

1936 uztailean militarren Estatu Kolpeak porrot egin ostean gerra piztu zen Estatu espainiarrean. Euskal lurretan, frankistek –geroago izango dira frankista bezala ezagunak– arrakasta izan zuten Araba eta Nafarroan, baina ez Gipuzkoa eta Bizkaian. Borroka guzti hauetan hildako batailoi hauetako hainbat gudari Gernikako hilerrian lurperatuak izan ziren. Zehazki, guztira 82 gorpuzki ziren, horietatik 72 gipuzkoarrak, eta tartean hamar debagoiendar. Bada, Frankistak Gernikan sartu ostean, gorputzak hilobietatik atera eta hobi komun batean sartu zituzten, eta hilobiak salgai jarri. Hala, zortzi hamarkadetan ahaztuta egon eta gero atzo, zapatua, jaso zuten errekonozimendua.

Hauek dira debagoieneko hamar gudariak:

  • Antzuola: Casimiro Aguirrezabala Azcarate (Saseta batalloia).
  • Aretxabaleta: Francisco Zabaleta Guerrico (Loiola batalloia).
  • Arrasate: Jose Fernandez Palacio (Loiola batalloia).
  • Arrasate: Telesforo Galdotz Ugarte (Amaiur batalloia).
  • Arrasate: Martin Iturbe Uribe (Amaiur batalloia).
  • Bergara: Hilario Bilbao Bazargoitia (Loiola batalloia).
  • Bergara: Luis Elortza Zabaleta (Loiola batalloia).
  • Eskoriatza: Modesto Uribechevarria Galdos (Amaiur batalloia).
  • Oñati: Nicasio Letamendi Elizburu (Loiola batalloia).
  • Oñati: Esteban Ugarte Urcelay (Loiola batalloia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa