Iraitz Arrospidek irabazi du Oñatiko Herri Lasterketa: "Orain arteko garaipen garrantzitsuena da, ez dut berehalakoan ahaztuko"

Xabier Urtzelai 2017ko eka. 17a, 20:40

Atletismo erakustaldi ederra eman dute Oñatiko Herri Lasterketan batu diren atletek. Iraitz Arrospide irabazleak aitortu du egindako denborak ez direla ikusgarriak izan, baina beroak eragin zuzena izan duela horretan: "Oso parean egon dira indarrak, baina azkenean ikusi da puntu bat gehiago neukala".

Hunkituta erantzun ditu Oñatiko Herri lasterketako irabazleak GOIENAko galderei: "Ez nuen halakorik espero, hemen gure artean ez dagoelako halako alderik. Niretako ohorea izan da Oñatiko irteera puntuan egotea, onentsuenekin lehiatzea, eta oso pozik nago etxekoen eta lagunen babesa ere izan dudalako", adierazi du lasterketa 32,27ko denborarekin irabazi duen Arrospidek.

Beroak eragina izan du

"Lasterketako lehenengo kilometroetan ikusi dugu denborak ez zirela onak izan behar, eta gure artean jolasten hasi gara, erritmo aldaketak egiten. Indarrak nahiko parean egon dira, baina azken kilometrora bakarrik iritsi gura nuen, inork ez du azken metroetan esprinta jokatu gura izaten, inoiz ez dakizulako ondokoa baino azkarragoa zaren. Banekien azkarrena seguruenik ez nintzela izango, erritmoa bizitu egin dut eta hor ikusi dut besteak baino puntutxo bat gehiago neukala", adierazi du Arrospidek. "Lasterketa berezia izan da, Arrasaten egin nituen ikasketak, baina Oñatin lehiatu barik nengoen, eta ez dut berehalakoan ahaztuko garaipen hau, orain arteko garrantzitsuena izan da".

Debagoiendarrek ere gozatu, eta sufritu

Xabier Luis eta Endika Donnay lasterkari azkarrenekin hartu ahal izan dute parte, eta gogotik sufritu dute 10 kilometrotako lasterketan, Euskal Herriko azkarrenen erritmoari eustea ez delako erraza: "Antolatzaileek gonbidatu nindutenean ezin ezetz esan. Ni duatloian ibiltzen naiz, baina gaur izugarri gozatu dut etxeko zaleen aurrean. Animo mordoa jaso dut, eta ederra izan da. Hori bai, sufritu ere ez dakit inoiz horrenbeste egin dudan", adierazi du herrikideen aurrean parte hartu duen Xabier Luisek. Astelehenean (21:30) Harmailatik kirol erreportajea.

Lehen bost sailkatuak:

  1. Iraitz Arrospide (31,27)
  2. Unai Arroyo (32,32)
  3. Imanol Cruz (32,42)
  4. Martin Amilibia (33,00)
  5. Aitor Mimentza (33,01)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak