Iurdana Acasuso, Azkue Fundazioko zuzendaria: "Euskarazko blogak zabaldu, sustatu eta ezagutarazteko lanean jarraituko dugu"

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko eka. 14a, 13:20

Iurdana Acasuso, Azkue Fundazioko zuzendaria.

Azkue Fundazioak blogariak eta gizartea teknologian trebatu nahi ditu, horretarako ekintzak zehatzak burutuz. Honekin batera, euskal erabiltzaileen artean, nabigazioa euskaraz bultzatzeko ahaleginak egiten jarraituko du sentsibilizazio kanpainen bidez.

Urtarrilean Azkue Fundazioak eta Argia komunikabideak Blogetan! Euskal Blogariak lehian lehiaketaren bigarren edizioari hasiera eman zioten. Lehiaketa honen helburua, berriz ere, euskarazko blogak zabaldu, sustatu, ezagutarazi eta, bide batez, zenbat blog dauden euskaraz, zein gai lantzen dituzten eta beste hainbat xehetasunei buruzko azterketa egitea izan da. Iurdana Acasuso, Azkue Fundazioko zuzendariak jakinarazi du "bost hilabete hauetan gaiak luze eta sakon hitz egiteko berbabidea" ematen duela ikusi dutela eta zentzu horretan "pozik" daude egindako ekarpenagatik. Izan ere, egitasmo honen harira inkesta bat egin eta jardunaldi bat antolatu dituzte eta "neurri baten, gaia mahai gainean jartzea lortu dugula esan dezakegu" dio Acasusok.

2001. urtean lehenengo bloga sortu zenetik gaur arte "aldaketa nabarmenak eman dira euskal blogosferan" Azkue Fundazioko zuzendariaren arabera. Acasusok gogora ekarri ditu horietako hainbat: "proposamen pertsonalak eta kolaboratiboak sortu dira, blogariek plataformak erabiltzen hasi dira, hedabideak besteen artetik nabarmendu dira, puntu eus domeinua sortu da, blogariek tratatzen dituzten gaiak gero eta anitzagoak dira,… ". Hala ere, Acasusoren ustetan eraldaketa honek oraindik badu garapenerako espazioa. "Blogintzak oraindik badu euskaldunoi zer eskaini, besteak beste, gai berriak jorratzeari eustea eta formatu berriekin probatzea".

Pertsonak eta teknologia: euskal blogintzaren osagai nagusiak

Euskarazko Blogen komunitatea "txikia" dela aitortzen du Iurdana Acasusok, eta blogarien beraien proposamenek toki ikusgarria lortzeko "zuhur" lan egin behar dutela. Bi osagai nahasten dira ekuazio honetan Acasusorentzat "pertsonal eta teknologia". "Blogintza idazketa ariketa den heinean", dio Acasusok "funtsezkoa da edukia kalitatezkoa izatea, funtzionala, freskoa, balio erantsia duena eta maiz eguneratzen dena", besteak beste. Ildo beretik, sortzailearen "marka propioaren garrantzia" ere ezin dela ahaztu uste du Azkue Fundazioko zuzendariak. Izan ere, egilearen nortasunak "bere bloga besteen blogen artean nabarmentzeko balioa" daukala uste du Acasusok.

Hori pertsonari dagokionez, baina teknologiak ere badu zer esan. Kalitatezko produktu horri teknologiak lagun diezaioke "Interneteko oihanean leku ikusgarrian kokatzen". Izan ere, "jendeari interesa lekizkiekeen edukiak badaudela erakutsi" behar zaiela dio Iurdana Acasusok. Hau lortzeko blogariak "ahaldundu" egin behar direla uste du, horretarako trebatu egin behar direlarik: "beldurra kendu, dudak argitu, ezagutza teknikoan sakondu, komunikazio estrategia landu,…".

Gizarteak berak ere badu trebatzeko beharra, eta fundazioarentzako "berebiziko garrantzia" du euskarazko nabigazioa bultzatzeak. Iurdana Acasusok dioenez "gure lehenengo hizkuntza zein den Interneteko jardueran nabigazio-hizkuntzaren bidez adierazten dugu eta, honen arabera, edukia hizkuntza batean edo bestean erakutsiko zaigu". Euskarazko blogetan dagoena jasotzea lehenetsi nahi bada, "geroz eta jende gehiagok izan beharko luke bere nabigazioa euskaraz konfiguratuta".

Azkue Fundazioaren konpromisoa horretan lanean jardutea da, eta momentu honetan, hiru esparru nagusi dituzte hori bermatzeko:

  • Erabiltzaileak eta sortzaileak ahalduntzeko trebakuntza ekintzak bideratzen ditugu, urrian, adibidez, teknologia laborategiak antolatuko ditugu.

  • Euskal erabiltzaileen artean nabigazioa euskaraz bultzatzeko sentsibilizazio lanean jarraitzen dugu.

  • Blogari komunitatea babesteko eta hazi dadin euskarazko blogarien ataria sortu dugu: www.blogetan.eus  Hau, komunitatea sendotzeko tresna bilakatuko dugu.
Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak