Arroza aniztasunaren sinbolo hartuta, Munduko Arrozak izeneko ekimena egingo dute uztailaren 8an Arrasaten. Bilbon egin zuten lehen aldiz ekimen hau duela zenbait urte, eta ordutik, beste hainbat herritan ere burutu dute arrakasta handiarekin; joan den asteburuan, esaterako, Errenterian. Arroza prestatuz aniztasuna bistaratzea, elkar ezagutzea eta integrazioa sustatzea dira helburuak, SOS Arrazakeria elkarteko Jokin Ruizek ekimenaren aurkezpenean azaldu bezala:"Arroza hartuko dugu munduko leku ezberdinetan erabiltzen elikagai bat delako. Bazkari honekin aniztasuna, integrazioa eta parte-hartzea sustatu nahi dugu".
Ekimen honetan baina, jateari berari baino, sukaldean aritzeari eta orduan sortzen diren harremanei eman gura zaie garrantzia. "Jatea aitzakia bat da. Bilatzen duguna da parte-hartzaileak elkartzea, harremanak sortzea, elkar ezagutzea", dio Ruizek.
Parte-hartzea, taldetan
Arrasateko ekitadia Debagoiena guztiko herritarrei zabalduta egongo da, eta hainbat eragileren elkarlanaren fruitua da: SOS Arrazakeria, Ekin Emakumeak, Elkarhezitzen, Arrasateko Helduen Eskola, IMME, Arrasateko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.
Dinamikari dagokionez, 5-10 kideko taldeek hartu ahalko dute parte, baina banaka ere eman ahalko da izena, eta gero talderen baten sartu. Erosketak, talde bakoitzak egin beharko ditu, nahiz eta egunean bertan 20 euroko diru-laguntza jasoko duten taldeek erosketengatik. Sukaldean aritzeko tresnak –lapikoak-eta halakoak– talde bakoitzak eramango ditu, eta antolatzaileek sukalderako zenbait tresneria eta sukaldea bera jarriko dute.
Izen-ematea, ekainaren 23a baino lehen
Uztailaren 8an goizeko 10:30etan hasiko dira sukaldeko lanak, eta eguna girotzeko, munduko jolasak eta musika ere egongo dira. 13:30etan hasiko da prestatutakoen dastatzea.
Interesa dutenek ekainaren 23a izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako hainbat bide daude: Arrasateko Udalaren webgunea –www.arrasate.eus–; edo bestela, Ekin Emakumeen egoitzara deitzea – 943 79 83 70– edo bertara joatea.