"Kaka urte bat izaten nabil, eta horrexegatik nago amorratuta. Baina, kamioiaren kontra kolpea hartu izan banu egoera beste bat izango litzateke, horrenbestez...", dio egubakoitzean Gorlako jaitsieran istripua izan zuen ziklista bergararrak. "Goitik behera gentozen parez pare kamioiarekin topo egin genuen arte. Errepide osoa hartzen zuen eta ez neukan bizikleta geratzeko aukerarik. Hala, errepidearen alde batera egin nuen, belarretara. Momentu batean pentsatu nuen bizikleta geratzeko kapaz izango nintzatekeela, erori barik, baina urak jasotzen dituen harrizko kutxatila baten kontra hartu nuen kolpea, bizikleta txikituta geratu zen hor, eta nik 20 metro egin nituen hegan".
Lizarralderen bizikleta, istripuaren ostean.
Kamioilaria joan egin zen, zama entregatu behar zuela esanda
Istripuaren ondorengoak kontatu ditu Lizarraldek: "Debagoieneko bikote bat geratu zen nirekin, bi ordu egin zituzten han eta eurek ondo ikusi zuten gertatutakoa. Kamioilaria, berriz, hasiera batean geratu egin zen, baina egurra entregatu behar zuela esanda joan egin zen gero", dio Muriasko ziklistak. "Hala, Ertzaintza hura lokalizatzeko lanean hasi zen, eta egun hauetan horretaz arduratu ez bagara ere, orain erabaki beharko dugu salaketa jarri edo zer egin".