"Lau egun luze eta gero etxera. 2017a definitiboki ezta nere urtia, baina 23 urte hauetan inguratutako jendiaz harro nago, urria balixo dozue! Eskerrikasko danoi zuen babesarengatik! Aurten dana gaizki badoia be, etorriko da bueltia", adierazi du Eneko Lizarraldek sare sozialetan. Eta ez zaio arrazorik falta, bizikleta gainean, erorikoen erruz, urte txarra daramalako.
Egubakoitzean kolpe ederra hartu zuen Gorla jaisten ari zela. Eguneko entrenamendu saioa eginda zeukanean kamioi batekin talka ez egitearren errepidetik irten eta malda behera erori zen Lizarralde. Hain zuzen, suhiltzaileen laguntzarekin atera behar izan zuten Bergarakoa eroritako lekutik, eta Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten. Lau egun egin ditu bertan: lepauztaia hautsita, kolpe handia buruan eta pneumotorax-a.
Mallorcako Challengean, denboraldi hasieran, erorikoa izan eta sei aste egin zituen bajan, haustura bikoitza izan eta gero –laugarren metakarpoko erradioan eta oinaldean–. Hain zuzen, Bergarakoa orain zebilen txispa errekuperatzen eta ondo sentitzen, denboraldiko bigarren zatian indartsu egoteko esperantza zeukan-eta. Eta, egubekoitzeko erorikoak ostera ere bertan behera utzi ditu orain arte egindako lanak. Errekuperatze lana geratzen zaio aurretik, ondo ezagutzen duen bidea.