Zazpi lurraldeetako ordezkariak elkartu dira Euskal Herriko Eskolartekoaren 29. edizioan, guztira hamahiru bertsolari gazte. Gipuzkoako ordezkarien artean Eskoriatzako Oihana Arana izan da, eta Arabakoen artean Aramaioko Aitor Ugarte. Zozketak aginduta, gainera, bi lehenak izan dira agurra kantatzen oholtza gainean. Zortziko handian eta txikian egin dute gero binaka, eta hiruko ofizioan ere jardun dute.
Finalaren bigarren zatirako sei bertsolari sailkatu dira, horien artean, Arana. Puntu erantzunetan eta bakarkakoan aritu dira orduan. Agurraren ostean jakinarazi dute txapelduna zein izan den, Aroa Arrizubieta gasteiztarra. Amets Arzallusek, Euskal Herriko egungo bertsolari txapeldunak jantzi dio txapela irabazleari.
Saria parte-hartzaileendako
Ahots baten sormen egonaldira joan ahal izango dira Euskal Herriko Eskolarteko parte-hartzaile guztiak. Gabonetan egiten da egonaldi hori eta ahozko euskal kultur adierazpideak lantzen dituzte gazteek: bertsolaritza, antzerkia, kantagintza eta literatura.