Tailer okupazionala inauguratuta ekin dio ibilbideari Bideanek

Mirari Altube Arrese 2017ko eka. 10a, 14:58

Arrasateko Kataide industrialdean Caritasek gidatuko duen tailerrean elkartu dira gaur eguerdian erakundeetako ordezkariak, Caritaseko arduradunak, boluntarioak eta erabiltzaileak. Bidean jarri diote izena tailer okupazionalaren proiektuari eta gaur ekin diote bide horri.

Aldundiko ordezkariak, Gizarte Zerbitzuetako diputatu Maite Peña esaterako; hainbat herritako Udal ordezkariak, hala nola, Arrasateko alkate Maria Ubarretxena eta Oñatiko Mikel Biain, eta Caritaseko ordezkariak, Jose Ignacio Munilla lehendakaria buru zela elkartu dira Kataide industrialdeko tailerrean.

Sinbolismoz betetako ekitaldia izan da; haritza landatu dute munduko hainbat tokitatik ekarritako lurrarekin: Pakistandik, Saharatik, Kubatik… Kantuan ere egin du jatorri askotako lagunekin osatutako abesbatzak; eta Bergarako boluntario bat omendu dute orain arte egindako lan guztiagatik: Antonio Herzog.

Ekitaldia bukatu dute agintariei bisita gidatua eskainita eta guztiek elkarrekin mokadutxo bat janda.

Proiektu "garrantzitsua eta pozgarria"

Guztiek azpimarratu gura izan dute proiektu horren garrantzia, bazterkeria egoeran daudenei gizarteratzeko aukera emango dielako. "Caritasekin harreman estua dugu, helburuekin bat egiten dugulako. Argi dugu bazterkeria egoeran daudenen gizarteratzea dela helburua eta gure ardura, baina bakarrik ezin dugu egin. Gipuzkoan hirugarren sektore garrantzitsua dugu eta oso ondo lan egiten duena, gainera; horregatik elkarrekin jarri dugu abian inklusiorako proiektua", jakinarazi du Maite Peña diputatuak.

Arrasateko alkatea ere pozik agertu da Debagoienean zabaldu den tailerrarekin: "Arrasaterendako egun garrantzitsua da; izan ere, Debagoiena guztiari emango dio zerbitzua. Eta Udaletik eskua luzatzen diegu elkarlanerako".

Caritaseko lehendakari Jose Ignacio Munilla ere pozik agertu da, eta orain arte egindako lana azpimarratu du: "Zerotik ez da hasiko tailerra, hemen elkartuko dira dagoeneko abian zeudenak, baina leku berean biltzeak eta elkartuta egoteak asko lagunduko du. Hemendik aurrerako erronkak errazago eraman ahal izango dira horrela".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak