Ordaindu Elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen atzo, ekainaren 8an, Arrasateko Amaia Antzokian. Mikel Olabe elkarteko lehendakariak zabaldu zuen batzarra Mondragon korporazioko zuzendaritzak dirua itzultzearen erantzukizuna beste kooperatibetako bazkideen gainean utzi nahi duela esanez eta honek sentimendu kontrajarriak sortzen dituela, belaunaldi eta kooperatiben arteko elkartasuna bultzatu beharrean.
Ondoren, Raul Tenes abokatuak hartu zuen hitza. Ordaindu eta Eskuratu elkarteen interesak defendatzen dituen Sunion bulegoko abokatuak, Mondragon korporazioak 40 eguneko epea duela konkurtsoaren administrazioak aurkeztutako dokumentazioa aztertzeko azaldu zuen eta 40 egun hauek pasa ondoren jarriko dela epaiketa aurreko entzunaldia egiteko data. Abokatuak itxaropen eta lasaitasun mezuak luzatu zituen eta Bergarako epailea gogoz ikusten duela epaiketarekin aurrera egiteko aipatu zuen.
Azkenik, Naiara Herrerok urtean zehar egindako ekintzen errepasoa egin zuen, legebiltzarrean Elkarrekin-Podemos alderdiko Edurne Garciaren bitartez aurkeztutako legez besteko proposamena esaterako. Mobilizazioekin jarraituko dutela ere gaineratu zuen, elkarte kide diren pertsonak bizi diren herrietan mobilizazio hauek egiten jarraitzearen garrantzia azpimarratuz beraien helburuak lortu ahal izateko.