“Ilusioz ikusten dut, esku artean gauza piloa ditugulako, alor sozialean, profesionalean, baita enpresa moduan. Pertsonalean bagabiltza lotzen egonkortasuna, epe larri baten ondoren; alor profesionalean bagoaz aurrerapausoak egiten: edizio sistema ezarriko dugu, platoa berritu dugu, GOIENA aldizkariak orri gehiago ditu… Enpresa moduan, egonkortasuna lortu dugu azken urteotan, eta, euskal gizartearekiko, Tokikomen bitartez aurrerapausoak eman ditugu. Beraz, oso balorazio positiboa egiten dut”, gaineratu du Izagirrek.
Eta hain zuzen ere, irakurketa horren eta aurrera begirako aurreikuspenen berri eman zitzaien atzo, eguena, Arrasateko Kulturaten elkartu zirenei.
Puntu guztiak onartuta
Zazpi puntuko gai zerrenda aurkeztu zen eta gai guztiak aho batez onartu ziren. Horien artean, 2017ko kudeaketa plana. Hain justu, bertan esplikatu zituzten Goienako presidente Izagirrek azpimarratutako erronka horietako batzuk: telebistaren ohiko jardunetik ikus-entzunezkoetara salto egiteko erronka, balio erantsidun programak sortzeko helburuarekin. Mondragon Unibertsitatearekin elkarlana ikus-entzunerako programak ekoizteko. Programazio berria. Eta bestek beste, digitalizazioa helburu, inbertsio berriak egiteko asmoa azpimarratu zen, adibidez, Muru eta Bergara arteko lotura digitala gauzatu ahal izateko.
Prentsan, edizio sistema
Osterantzean, prentsarekin lotuta, aspaldiko nahietako bat gauzatzea lortuko da aurten: edizio sistema ezartzea. Tokikom toki komunikabideen bateragunearen kolaborazioarekin lortuko da helburu hori; bestela esanda, Goienarekin batera, Tokikom osatzen duten bestelako toki komunikabideetan ere ezarriko da edizio sistema bera, "horrek ekarriko dituen abantailekin", azpimarratu du Iban Arantzabalek, Goienako zuzendari nagusiak.
Bestalde, tokiko hedabideen arteko elkarlanak sendotze bidea segituko du, besteak beste, txikienendako edukiak partekatuko direlako Plazan bazan Interneteko atariaren bitartez.
Sarea, kalitatea eta banaketa
Sare kontuekin segituz, "sareko jardunean –Goiena.eus atarian–, adierazleak inplementatuko ditugu eta horren arabera eduki batzuk aukeratu ahal izango ditugu", esplikatu du Arantzabalek. Bestalde, "kalitate parametroak jarriko ditugu Euskalitekin batera hainbat arlotan, eta gure kateko azkeneko tramua den banaketan ere inbertsioak egingo ditugu", gaineratu zuen zuzendari nagusiak.
Bisitari berezia
Aipatutako gaiekin batera, eta halakoetan ohi denez, diru kontuen berri ere eman zitzaien bertaratutakoei, jakinaraziz, besteak beste, galerarik gabe amaituko zuela urtea Goiena Komunikazio Taldeak.
Eta aipagarria da, baita ere, batzarrera bertaratutakoen artean bibitari berezia izan zela: Brasilgo MST-ko (Movimiento Sin Tierra) kide bat. Mikel Lezamizen, Mondragon Taldeko zuzendarietako bat izandakoaren eskutik, kooperatibak ezagutzera etorri da, eta kooperatiba eredu desberdinen artean, Goiena Komunikazio Taldearen batzar orokorraren berri izanda, bertaratzeko interes handia erakutsi eta Kulturaten izan zen.