Ibarreko ordezkariak Gipuzkoako erlojupekoan, eta Olakuako proban

Xabier Urtzelai 2017ko eka. 9a, 12:00

Erostarbe, iaz, Gipuzkoako erlojupekoko txapelketan, Bergaran.

Bergaran egingo dute, zapatuan, 17:00etan hasita, Gipuzkoako kadete mailako erlojupekoa. Domekan, berriz, Olakuako proban batuko dira Debagoieneko kadete mailako ordezkariak.

"Sei kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre ziklistek. Badirudi ez dela asko, erraz egiteko modukoa dela. Baina erlojupeko batean izango duten lehenengo esperientzia izango da, 10 minutuko lan betea pultsazioak oso altu dituztela, eta adin horretan [14 urte] oso zaila egiten zaie denbora tarte horretan erritmo berberari eustea. Horregatik, aurrealdekoak erritmo berdintsuetan ibiliko dira, segundo gutxitako aldea egongo da, baina ondoren alde nabarmenak ikusiko ditugu", adierazi du Lokatzako presidente Jon Unamunok, San Santonio jaien barruan antolatu duten Gipuzkoako erlojupekoaren gainean galdetuta.

Zirkuitua, herri barruan 

Bihar, erlojupekoaren irteera Gure Ametsa elkarte parean egongo da: "Elkarteko ordezkariek hartzen dute jaiak antolatzeko ardura handiena, eta omenaldi txiki bat egin gura diegu". Ziklistek irteera puntutik Antzuolarako bidea hartuko dute, gasolindegi berriaren parean eskuinaldera hartu, aldapa gora dagoen tunela gurutzatu eta Labegaraietara jaitsiko dira; saihesbidetik Bergararantz abiatu eta semaforoetan eskuinaldera hartu eta segituan egongo den helmuga gurutzatuko dute: "Pozik gaude, azken bi urteotan guk antolatu izan dugu lasterketa hau, baina maila horretan ez genuen ordezkaririk. Oraingoan, berriz, taldeko sei ziklista izango ditugu irteera puntuan". Eta ez eurak bakarrik, Dorletako Amakoek eta Aloña Mendikoek ere badituzte-eta ziklistak maila horretan –erlojupekoan gizonezkoek zein emakumezkoek hartuko dute esku–. Hori bai, bailarako emakumezko ordezkari Estevez eta Erostarbe Espainiako Kopan lehiatuko dira etzi, Caspen

Jokin Etxabek irabazi zuen Olakuan, 2010ean. Argazkia: Goiena.

Olakua proba, domekan Oñatin

Kadete mailakoek hitzordu bikoitza izango dute asteburuan, zapatuan Bergarako erlojupekoaren ostean domekan Oñatin izango dute-eta 32. Olakuako proba (16:30). Txirrindulariek 68 kilometroko lasterketa izango dute aurrean. Lehenengo kilometroetan Oñatitik Arrasateraino joango dira ziklista gazteak –Eroskiko biribilgunera– eta Oñatitik pasa eta gero Udana igo beharko dute txirrindulariek. Zumarragaraino jaitsiko dira (40. kilometroa) eta han buelta erdi emanda, ostera ere Udanatik etorriko dira Oñatira, Zubillagaraino jaitsi eta handik bueltan (63. kilometroa) Olakuan egongo da helmuga. Hor ere Debagoieneko talde guztietako ordezkariak batuko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak