Caritasen tailer okupazional berria bi solairutan banatu dute. Goian laguntza sozialak egokitu dituzte; sukaldea izango dena ia prest dago, eta alboan izango du jangela. Sarrera ondoko bulegoetan, berriz, eskolak emateko tokia eta bulego bat egokitu dituzte; eta beheko solairuaren atzeko aldean, komunak, aldagelak eta garbitegi zerbitzua jarri dute. Lehen solairuko gainontzeko leku guztia, tailerrerako esparrua izango da. Ia guztia prest dago, beraz, zapatuko inauguraziorako.
Debagoieneko apustua
Caritasek aurretik Arrasaten eta Bergaran egiten zuen lana edota inguruko parrokietan ematen diren gaztelaniazko saioak eta formazioko beste saio batzuk, horiek guztiak batuko dira aurrerantzean pabilioi berrian, eta Debagoiena mailako zentroa izango da.
Bertan, Elay, JMA eta Rodamientos Eder enpresendako lana egingo dute, eta lan industrial horrez gain, bigarren eskuko jostailuen tratamenduaz, eta Arrasateko mojei edo Caritasi ematen dioten jantzien sailkapenaz ere arduratuko dira bertaratzen direnak. Baina helburu nagusia izango da bertaratzen direnei garapen pertsonalean laguntzea eta gizarteratzea.
Gaur egun 60 pertsonekin egiten dute lan Debagoienean, baina gune berrian gizarte-bazterkeria egoeran dauden 75 pertsonari emango diote laguntza. Eta zerbitzua eskaini ahal izateko, oinarri-oinarrizkoa da boluntarioen laguntza. Debagoienean gaur egun hainbat profiletako 60 boluntariok laguntzen dute.
Caritasendako apustu garrantzitsua da gainera, Arrasaten zabalduko duten pabilioi berria, eta Sarea Fundazioak kudeatuko du proiektua. Zapatuan inauguratuko dute esan moduan, eta uztailetik aurrera jarriko da martxan bertako funtzionamendua.