Alde txikiarekin bada ere Pello Urizar babestu dute EAko afiliatuek. Hala, idazkari nagusi izaten jarraituko du. Pello Urizarren eta Maiorga Ramirezen hautagaitzek EH Bilduren egituraketa berria izan dute desadostasun iturri nagusi. Ez dira hautagaitza bateratu bat lortzeko adostasunera iritsi eta bi hautagaitzen artean aukeratu behar izan dute afiliatuek. “Egia esan esfortzu bat egon da nire aldetik hasiera batean genituen beldurrak eta mehatxuak gainditzeko”, adierazi du Urizarrek. “Gainditu beharreko erronka EA EH Bilduren politikatik kanpo ez gelditzearena zen. Lan serio bat egin dela uste dut eta aurkitu dugu aukera bat arazo horretatik ihes egiteko”.
EAko bi ildoak akordio batera iritsi dira. Horren arabera, EH Bilduk ideologia desberdinak bildu behar ditu, non hura osatzen duten alderdien eta banakoen aniztasun eta dinamika ezberdinek tokia izango duten, parte hartze eredu bakarren inposaketa saihestuz. “Hori dela-eta, alderdien arteko koalizio ireki baten aldeko apustua egiten du EAk, horiek erabakiak hartzeko dituzten prozesuak errespetatuko dituena eta oinarrizko organoetan parte hartzea ahalbidetuko duena”, dio testuak. Urizarrek azaldu du zuzendaritza talde berri batekin egingo duela aurrera, eta helburu nagusia “mahai gainean dauden beldurrak uxatzea” izango dela. “Aurreko lantaldeko pare batek jarraitzen dute, baina gehiagoa jende berria da”, azaldu du. “Nire apustua jende gaztea da. Gure erronketako bat da Eusko Alkartasuna XXI. mendera begira jartzea da”.
EH Bilduren izenean instituzioetara aurkeztuko diren hautagaiak bozketa bidez aukeratzea nahi dute EAn. Halaber, “alderdi guztien ikusgarritasuna eta EH Bilduren pluraltasuna” bermatuko duten “kuotak” zehazteko proposamena egiten dute. Alderdiko kideen %76k babestu du akordioa.