SEPEren hileroko datuen arabera, langabezia Debagoienean izaten ari den beheranzko joera berretsi da Maiatzean ere. Urtarrilean tasa orokorra %9,64an kokatu zen eta maiatzean berriz %8,71ra jaitsi da. Honek %0,93an jaitsi dela langabezia urte hasieratik esan nahi du, ia puntu oso bat Debagoienean. Hilabetetan zehar beheranzko joera apala izaten ari da, izan ere, ekonomiaren suspertze geldoaren adierazgarri bezala hartu daiteke datua. Hala ere, urte hasieratik izandako bilakaera positiboa da eta joera mantenduz gero krisiaren mamuak uxatzen lagun dezake.
Herriak banaka aztertuz gero, Leintz-Gatzaga ezik beste guztiek azken hilabetean behera egin dutela ikus daiteke, eta berdina gertatzen da urte hasierako datuekin alderatzen bada maiatzeko datua. Arrasatek jarraitzen du langabezia tasa altuena pairatzen, %12,18koa, eta %10etik gorako langabezia tasa duen herri bakarra da Debagoienean. Aramaiok berriz baxuena du %2,51rekin. Urte hasierako datuekin alderatuz gero Elgeta izan da jaitsiera handiena izan duena, ia bi puntuko jaitsiera jasan baitu.