Besaidek antolatuta Aiba! mendi martxa egingo dute domekan Arrasaten. Mendizaleak 07:00etan abiatuko dira Biteritik, eta bi ibilbide izango dituzte aukeran. Luzea aukeratzen dutenek Udalatx eta Anboto izango dituzte zain: "Distantzian luzeak ez ditu askoz ere kilometro gehiago, baina bai desnibela; ondo entrenatuta egotea komeni da", dio Ekaitz Aranburuzabalak. Izena domekan emango duenak komeni da Biteri plazara apur bat goizago joatea.
Martxa bi urtean behin antolatzen dozuenetik arrakasta handitu egin da, iaz ere mendizale koadrila galanta batu zineten –335 lagun–.
Bai, dagoeneko 350 lagunek eman dute izena aurrez, eta kopuruarekin oso pozik geratu gara [Interneteko izenematea itxita dago dagoeneko]. Esango nuke orain bi urtean behin antolatzen dugunez jendeak gogoz hartzen duela Aiba!
Domekan, baina, egongo da izena emateko aukera, ala?
Bai, domekarako beste 125 dortsal inguru gorde ditugu, gehienez 450 lagunendako tokia egongo da. Aurreko edizioan, 2015ean, egunean bertan 100 lagunek eman zuten izena, baina eguraldi txukuna izan genuen. Domekara begira eguraldiak asko baldintzatuko du azken orduan Aiba!-ra animatzen den jende kopurua [Domekan izena emateko federatuta daudenek 13 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez federatuek 18 euro].
Ze helbururekin antolatzen duzue Aiba!
Aiba! [Aramaioko Ibarrari Buelta Arrasatetik] antolatzea, hastapenean, familia mendizale baten ekimena izan zen –Elortondo anaiek antolatu zuten Aiba! lehenengoz, 2006an– eta Besaide mendi taldea ondoren hasi zen laguntza eskaintzen. Hasieratik arrakasta polita izan zuen, baina martxa urtero antolatzea lan handia zen gutxi batzuen artean egiteko. Eta, 2012 eta 2015 urteen artean ez zen martxarik egon. 2015ean Besaidek hartu zuen Aiba! bi urtean behin antolatzeko ardura, mendi taldean hasieratik ekimen oso positiboa zela iruditu zitzaigun. Herritarrei kirol hitzordu bat eskaintzea da helburua, mendira joateko aitzakia bat.
Aiba! jaio zenetik lehiakortasuna kendu gura izan zitzaion, orduan mendi lasterketen gorakada zetorren, eta ez zuten mendi lasterketa bat antolatu gura. Horretarako, gutxieneko denbora-mugak ere ezarri ziren anoa postuetan.
Duela bi urte eztabaida izan genuen gure artean, denbora-mugak jarri behar ote genituen, ez... Aiba! inoiz ez da izan mendi lasterketa, kontrara, mendiaz lasai gozatzea izan zen hasieran antolatzen hasi zirenen lagunen asmoa, eta horrek bere horretan jarraitzen du. Baina, egia da badela martxa azkar egin guran etortzen dena, tarte batzuk korrika egiten dituena, lasterketetara begira entrenatzera datorrena... Eta, gutxieneko denboren kontrolak kentzea erabaki dugu. Azkar ibili gura dutenek ere lekua dute Aiba!-n, goza dezatela mendiaz gura duten moduan. Hori bai, gerta daiteke jatekoen eta edatekoen postura goizegi iritsi eta inor ez egotea [Barre].
Ordutegi aldetik ze aurreikuspen dituzue?
Ibilbide luzeak 41 kilometro ditu [ia 3.000 metroko desnibelarekin], eta motzak 34 [2.100 metroko desnibelarekin]. Distantzia aldetik ez da alde handia, baina ibilbide luzean mendizaleek Udalatx eta Anboto igo beharko dituzte, eta horrek dezente gogortzen du bidea. Hala, motza egiten dutenak 14:00ak edo 14:30ak aldera iritsiko dira Biterira. Ibilbide luzea egiten dutenek, berriz, gehienez hamaika ordu izango dituzte, 18:00etan Biterin egon beharko dute. Aurretik esandako moduan, baina, Aiba! ez da lasterketa. Ez da azkarrenendako saririk egongo, ezta sailkapenik ere.
Zer du Aiba! martxak?
Hona etortzen den jendeak esaten digu Euskal Herrian dauden mendi martxen artean gogorrenetakoa dela, ondo entrenatuta egotea komeni dela. Eta, Udalatxera igotzeak, Anbotora igotzeak badu bere xarma, baita Aramaioko Ibarrak ere, ibilbide polita da.
Domekan zenbat lagun egongo zarete lanean?
30-40 lagun, gutxi gorabehera. Lanak koadrilaka ditugu banatuta eta horrela errazagoa da; Bersaideko beteranoen laguntza dugu, Mondraitzekoena... Eta ondoren hainbat lagun talde ibiltzen dira lan ezberdinak egiten. Horien guztien laguntza barik ezinezkoa izango litzateke halako bat antolatzea.