Hedabide tradizionalen krisiaren aurrean, Goienak sendotu egin du bere nagusitasuna

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko eka. 1a, 08:00

Goiena Komunikazio Taldeak sendotu egin du Debagoienean duen nagusitasuna, eta papera eta telebista kontsumitzeko ohiturak jaitsi direnean, Goiena aldizkaria-k eta Goiena telebistak iaz baino jarraitzaile gehiago dituzte.

CIES erakundeak hedabideen kontsumoaren gainean egindako urteko lehen neurketatik ateratako ondorioa da hedabide tradizionalen krisiaren aurrean, Goienak sendotu egin duela bere nagusitasuna.

'Goiena' aldizkariak 39.000 irakurle ditu Gipuzkoan

CIES erakundearen arabera, Goiena aldizkariak 39.000 irakurle ditu Gipuzkoan, iaz baino 3.000 gehiago, eta askogatik da Debagoienean gehien kontsumitzen den hedabidea, 32.000 irakurlerekin. Azpimarratzekoa da papereko guztiek izan dutela jaitsiera lurraldean, Goienak izan ezik.

Goiena telebistak 6.000 ikus-entzule ditu egunero

Goiena telebistari dagokionez, 6.000 ikus-entzule ditu egunero Gipuzkoa osoan eta iazko neurketatik gora egin duen telebista bakarrenetakoa da, gehienek behera egin dutelako, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Gipuzkoan telebista tradizionalaren kontsumoak behera egin duen moduan.

Datu "oso onak"

Goienako edukien zuzendari Eneko Azkaratek adierazi du oso datu onak direla orokorrean: "Oso datu onak dira, kontuan izanda hedabide tradizionalen kontsumoa aldatzen doala etengabe, papereko euskarriak geroago eta gutxiago kontsumitzen direla eta ikus-entzunezkoak kontsumitzeko plataforma eta gailu askotarikoak daudela telebista aparailu konbentzionalaz gain. Hortaz, informazioa eta edukiak kontsumitzeko joera berrien aurrean, ikusten da Goiena erreferentziazko marka dela debagoiendarrentzat", azaldu du.

'Goiena.eus'-ek ere gorako etengabeko joera

Aurtengo lehen bost hilabeteetan ia %5eko igoera izan du Goiena.eus-ek, erabiltzaile bakarrei dagokienez, 2016ko lehen bost hilabeteekin alderatuz gero, Google Analytics-en arabera. Beraz, Goiena.eus-ek ere gorako etengabeko joerari eusten dio. Batez beste, 6.000 erabiltzaile ditu egunero, astean barrena, baina egon dira egunak 10.000tik gora izan dutenak egun bakarrean, esaterako, apirilaren 12an, Arrasateko San Andres auzoan izandako tiroketa dela-eta. Egun horretan 13.389 erabiltzaile bakar izan zituen Goiena.eus-ek.

Erreferente Debagoienean

Goiena Komunikazio Taldea erreferente da Debagoienean. Nagusi da bere esparru naturalean, Debegoienean, baina jarraitzaile asko ditu eskualdetik kanpo ere. Bestetik, Tokikom elkargunean batzen diren euskarazko tokiko hedabideek ere geroago eta eragin nabarmenagoa dute, bereziki, interneteko plataforma berdina darabiltelako eta edukiak partekatzen dituztelako, informazio lokaleko eskaintza osatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak