Kanpaina horren funtsa da 2018ko aurrekontuei begira herritarren ekarpenak jasotzea eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardunaren gaineko informazioa herritarrekin zuzenean partekatzea. Zeregin horretan, Aretxabaleta Lanbide Eskolan egin dute Debagoieneko lehen saioa Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek.
Politikak zein erronkak
"Helburua da Diputazioaren politikak ezagutzera ematea, nahiko ezezagunak direlako herritarrentzat. Aurten 37 udalerritara gerturatuko gara. Beste helburu bat ere bada datu esanguratsuenak mahai-gaineratzea: kudeaketa jakin bat dago politika horien atzetik eta nahi ditugu datu horiek mahai-gaineratu, herritarrek jakin dezaten politika horien atzetik ze emaitza jasotzen diren; zentzu horretan kontu-emate bat izango litzateke. Eta hirugarrenik, 2018ko partaidetzazko aurrekontuen haritik herritar guztien ekarpenak jasotzera etorri gara". Hala esplikatu du Joseba Muxikak Herritarren Partaidetzako Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendariak Aretxabaletako Lanbide Eskolako areto nagusian.
Hori horrela, diputazioko ordezkariak, besteak beste, erakundearen sailetako politika nagusiak eta aurrekontua, aurreikuspenak eta erronkak helarazi dizkie bertaratutakoei.
Proposamen zehatzak eta orokorrak
Lanbide eskolako ikasle zein irakasleek, berriz, Muxikari euren kezka eta proposamen batzuk jakinarazi dizkiote, ahoz zein idatziz, batzuk oso zehatzak: Elgetako garraio publikoaren zein Oñatikoaren eskaintza handitzea, adibidez. Eta baita orokorrago batzuk ere: hondakinen kudeaketan, atez atekoaren onurak aldarrikatu ondoren, hura derrigorrez ipintzea, adibidez.
Guztiei erantzungo diete
Joseba Muxikak ekarpen horiek guztiak eta dauden bestelakoak helarazteko eskatu die bertaratutakoei, eta jakinarazi du guztiak aztertuko dituztela eta ekarpena egin duten guztiei erantzungo dietela zuzenean. “Dagokien departamentuetan proposamenen bideragarritasuna eta ea eskumenekoak diren aztertuko da, eta horren ondorioak helaraziko dizkiogu Gobernu Kontseiluari eta diputatu guztiei, eurek aurrekontuen lanketan txertatu ditzaten. Batzuk txertatuko dira, beste batzuk ez, baina edozein kasutan, gero aurrekontuak onartzen direnean (abenduaren amaieran-edo), konpromisoa hartzen dugu proposamena egin duten guztiei erantzun zuzena emateko: onartua izan den bere proposamena, edo ez, eta hala bada, zergatik ez den onartua izan. Prozesuaren gauzarik garrantzitsuena da herritarren eta eragileen partaidetza sustatzea, foru aldundiaren egitasmo garrantzitsuena burutzerako orduan, aurrekontuak”.
Eskualdean hitzordu gehiago
Diputazioaren Aurrekontu Irekiak kanpaina Aretxabaletan hasi dute Debagoienari dagokionez. Bihar, eguena, Antzuolan izango dira eta etzi, berriz, Arrasaten. Eskoriatza eta Bergara ere bisitatuko dituzte datozen bi asteotan.
Era berean, zuzenean ez ezik, Internet baliatuta ere helarazi daitezke proposamenak, Aurrekontu Irekiak atalean sartuta.