Urnietaren kontrako finalean 2-2 egin eta gero penaltietan erabaki zuten nor izan behar zen Gipuzkoako Kopa txapelduna. Epaileak norgehiagokaren amaiera adierazi eta penaltien txanda adierazi zuenean Mondrako ordezkari eta zaleek arnasa hartu zuten, ordurako Beasiango Igartza berdegunean sufritzen ari zirelako. Mondrako Ezpeleta atezaina min hartuta erretiratu behar izan zen, fisikoki ere denak onenak emanda zeuden, eta Urnieta azken minutu horietan estutzen zebilen. Lehenago txukun ibili ziren zuri-moreak. 1-0ekoa Urnietako atzelari batek egin zuen bere atean, erdiraketa bat txarto urrundu ostean. Eta, 2-0ekoa Raquel Modinok egin zuen, eskumaldetik ateratako falta bat buruz bikain saretara bidali eta gero. (2-0)
Urnieta, baina, partidua berdintzeko gauza izan zen, eta halaxe iritsi ziren penaltietara: "Penaltietan zortea behar da, baina jaurtiketak zelan egin ere entrenatu egiten da. Iaz Kopako final-laurdenetan penaltien txandan kanporatu gintuzteten, eta aurten kopan aurrera egiten genbiltzan neurrian penaltiak entseatzen hasi ginen", adierazi du Andoni Ezkurra entrenatzaileak. Bada, arrasatearrek bost jaurtiketak saretara bidali zituzten, eta Urnietak lau asmatu zituen; zuri-moreak Gipuzkoako txapeldun ziren.
"Jokalari guztien omenez"
Ezkurrak garbi du kopa hau zeini eskaini: "Jokalariendako oso garrantzitsua izan da lorpen hau urtean pasatako momentu gogorrak ahaztu egiten direlako. Baina ez hori bakarrik. Gogoan dut duela lau urte zelan egon ginen Bigarren Mailan jokatzen, eta ze urte gogorra bizi izan genuen. Urte luzea izan zen, bidaia luzeak, kirol emaitzek ez zuten lagundu... Orduko jokalari batzuk taldean daude, eta merezi zuten halako lorpen bat. Eta ez eurek bakarrik, motibo batengatik ala bestearengatik futbola utzi behar izan dutenei ere eskaintzen diegu Kopa hau".