U-Multirank nazioarteko sailkapen ospetsuaren Espainiako lankidea da Conocimiento y Desarrollo (CyD) Fundazioa, eta honek unibertsitateen errendimenduaren araberako sailkapen bat egiten du orain dela lau urtetik. 2017ko edizio honetan 69 unibertsitatek hartu dute parte, horien artean 17 ezagutza-eremu eta 33 adierazle aztertu direlarik. Unibertsitate guztiak hiru taldetan sailkatu dituzte, errendimendu handia, ertaina eta txikia. Errendimendu handia dutenen arteko lehen hamarren artean sailkatu da Mondragon Unibertsitatea.
Izan ere, zortzigarren postua lortzeko bikaintzat jo dute irakaskuntza, ikerketa, ezagutzaren transferentzia, nazioartekotzea eta eskualdeko garapenarekin duen lotura neurtzen duten hainbat parametrotan. Batez ere, ezagutzaren transferentzia nabarmentzen da alderdi indartsuenen artean, ikerketarako funts pribatuen lorpenean, etengabeko prestakuntzan enpresekin batera lortutako patentetan eta spin-offen sorreran egindako lanengatik. Irakaskuntza eta ikaskuntza arloan ere errendimendu handia izan du bereziki graduazio tasagatik eta nazioartekotzean ikasleen mugikortasuna nabarmentzen da batez ere.