Gustura egon ziren eguaztenean Kulturaten batu ziren lagunak –egiten zuen eguraldia kontutan hartuta koadrila polita batu zen berbaldia entzuteko– egungo kirolaren argi-ilunak zeintzuk diren entzuten. Gai asko bota zituen Gallas-ek mahai gainera: Kirolarien heziketa maila, zerk motibatzen dituen, eliteko kirola osasuntsua ote den, zenbaterainoko presioa hartu dezakeen bere gain gazte batek, egiten duen kirol jarduera hori bateragarria oste den ikasketekin, doping-a kirolean...
Batetik, Murias Basque Country taldeko zuzendariak gazteengan jarri zuen fokua: "Niretako elite mailan gogorrena da ikustea gazte batzuk ez daudela prest ziklismoa amaitu eta hurrengo egunerako. Askok dena alboratzen dute pentsatzen elitera iritsi behar direla, eta askotan ez da horrela izaten, edo urtebete egiten dute profesionaletan. Eta, gero zer? Ez dute formaziorik, eta arazo handiak izaten dituzte. Nire sasoian ziklista asko lurralde txiroetatik zetozen, eta dirua irabazterakoan egiten zuten lehenengo gauza autotzarra erostea zen. Horietako askok txarto amaitu zuten. Edo, 'Chava' Jimenezen kasua, sei urte egin nituen harekin. Orduan ziklismoak oihartzun handia zuen, dirua zegoen, eta gaitza zen gazte batek hura guztia ondo kudeatzea. Hor, etxekoak ez badituzu ondoan... Halakoetan Indurain jartzen dut adibide moduan. Izan dena izan eta gero, gaur egun errepide bazter batean ikusten duzu, jendearekin lasai, semea bizikletan dabilela-eta lasterketan animatzen. Gazte batek balore egokiak izan behar ditu, eta heziketa ona, horri garrantzia handia ematen diogu taldean".
Besteendako motibazio iturri
Oihana Kortazar kirolaren alde ilunetako bat bizitzen dabil, lesioena, baina garbi du zein den elitean egotearen alderik onena: "Niretako politena da ikustea beste batzuendako motibazio iturri garela". Hori bai, gogorra da lesionatuta egotea: "Halakoetan pentsatu izaten dugu ez dagoela gurea baino arazo handiagorik [Barre]. Zortzi hilabete daramatzat orkatilako arazoekin, eta medikuek esan didate pazientzia izateko, luze joko duelako". Bada, halakoetan kirolari askok taldeen presioa izaten dute, lehenbailehen lehiara bueltatzeko: "Ez, Salomonen partetik ez dut halakorik izan, eta ez dut edozein preziotan bueltatu gura, oraindik gaztea naizelako eta kirol honekin gozatzen jarraitu gura dudalako".
Lesioa tarteko, elgetarrak asteburuan ez du Zegama-Aizkorri proba ikusi ere egingo: "Azalpen asko eman beharko nituzke, eta ez dut gogo handirik, egia esan", dio irribarre batekin: "Entrenatzeko aprobetxatuko dut, nire kontura ibiliko naiz".
Alde batera utzi behar direnak
Malen Ruiz de Azua pertikako erreferente bilakatu da. Arrasatekoa elitean dago, Europako txapelketan izango da uztailean baina ikasketak ez ditu inolaz ere baztertu: "Orain arte ondo moldatu naiz eta unibertsitatean erraztasunak eman dizkidate atletismoa eta ikasketak bateragarri egiteko".
Arrasateko atletak oso garbi dauka elite mailako kirola ez dela osasungarria, "lesioak izaten direlako, batzuetan minarekin lehiatzen garelako, gorputza muturrera eramaten dugulako", eta aitortu zuen kirol hitzordu handi baten aurrean –Joko Olinpikoak– osasuna arriskuan jartzeko prest egongo zela. "Nahiz eta gauza asko alde batera utzi behar", izugarri gozatzen du pertikarekin: "Entrenamendu sasoia da gogorrena, baina txapelketetako presio hori... Ni hor ibiltzen naiz gustura".