EAJ eta PSE-EEren gobernuak agintaldiko lehen bi urteetan, 731 egun, egindako lanaren berri eman gura izan die Markel Olano ahaldun nagusiak herritarrei gaur, Tabakaleran egindako ekitaldian; Gipuzkoaren bilakaera sozial eta ekonomikoa izan dute aztergai, hain zuzen ere. Olanok azpimarratu du "gobernu indartsu eta sendoa" osatu dutela eta 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoan zehaztutako norabidean lanean jardun dutela. Ildo horretatik, bide-orrian ezarritako bederatzi proiektu estrategikoak "aktibatu eta gauzatze bidean" daudela gaineratu du, besteak beste, Ekonomia Suspertzeko Plana, Gizarte Zerbitzuen Mapa eta Deskargako autobidea.
"Gipuzkoako ekonomia ehuna laguntzeko eta ekonomiaren susperraldia finkatzeko" egindako lana ere nabarmendu du diputatu nagusiak, gainontzeko erakunde eta lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin elkarlanean. Eta gaineratu du Ekonomia Suspertzeko Plana izan duela oinarri batetik, eta fiskalitate aurreratu bat eta lurraldeko azpiegituren modernizazioa, bestetik.
Etorkizunera begira
Etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko unea dela adierazi die Olanok elkartutakoei, eta gaineratu du horretarako estrategia bat jarri dutela abian bi balioren gainean: lehiakortasuna eta elkartasuna. "Gure politiken ardatz gisa pertsonen aldeko apustua indartu egingo dugu; izan ere, lehiakortasunaren alorrean aurrera egiteaz gain, Europa mailan desberdintasun gutxien dituen lurraldeetako bat bilakatu nahi dugu Gipuzkoa". Eta gaineratu du etorkizunera begirako politikak "etengabeko kontraste-lana eta esperimentazioa" izango dutela gizarte zibilarekin, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez.
Gobernuaren "gertutasuna"
Denis Itxasok, Gipuzkoako lehen diputatu nagusiordeak, gobernu koalizioa osatzen duen alderdi sozialistaren izenean egin du berba. "Gipuzkoa berritzen" ari dela bere agenda politiko, kultural eta sozioekonomikoa adierazi du horrek, eta besteak beste aipatu ditu klima aldaketari aurre egiteko politika berriak, erakundeak lantzen ari diren hiriguneko burdinbide garraio eskema berria, eta talentua sustatzeko eta nazioartekotze ikuspegiarekin egindako politika kulturalak.
Era berean, Gobernuaren "gertutasuna" azpimarratu nahi izan du, hala nola, "parte-hartze eta kontsultarako foroak eratuz, eta tokiko erakundeekin elkarlanean lan eginez". Ildo horretatik, nabarmendu ditu Gipuzkoako Turismo Mahaiaren eraketa, Arte eta Kulturaren Kontseiluarena eta Lurraldeko Hondartzen Mahaiarena.