Uberaren eta Angiozarren 1927ko desanexioa ikuspegi historiko batetik aurkeztu dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mai. 24a, 12:10

Artxibo historikoan aurkitutakoak eta nagusiei entzundakoak partekatu zituzten atzoko ekitaldian Elgetako, Angiozarko eta Uberako auzotarrek. Orain arte etxe mugan gelditutako kontuak ikuspegi historiko batetik berba egiteko edo entzuteko aukera ere izan zuten.

Interesa piztu zuen ekitaldiak eta txiki gelditu zen Elgetako udaletxeko areto nagusia pasarte historiko horren inguruko Manolo Cainzosen azalpenak entzuteko.

Bertaratutakoen artean Angiozarko eta Uberako auzotar ugari zeuden, eta nola ez Elgetarrak. Hiru guneen ordezkari nagusiak ere bertan ziren hala nola Elgetako alkate Iraitz Lazkano zein Angiozarko eta Uberako alkateak: Jose Angel Mikeo eta Iñigo Barruso, hurrenez hurren.

Desanexioaren inguruko azalpen ugari eman zituen azken hilabeteotan Elgetako artxibo historikoan makinatxo bat ordu eman dituen Manolo Cainzos historiazaleak. Elgetak biztanleen erdia eta baserrien erdia baino gehiago galdu zituen desanexioarekin. Uberak eta Angiozarrek Bergararekin zituzten lotura gero eta eskuagoak eta Elgetarako zeuden errepide kaskarrek asko lagundu zuten banantze prozesuan. Eibar eta Elgeta arteko errepidearen eraikuntza ordaindu beharra, azkenik, erabakigarria izan zen. Antolatzaileak gustura agertu dira bai gerturatutako jende kopuruarekin bai ekitaldiak emandakoarekin.

"Helburuetako bat izan da jendeari gogora ekartzea dauzkagun loturak. Asko berba egiten den gai bat da, txiste bezala akaso edo nork bere etxean, baina publikoki oso gutxi komentatu izan den gauza bat da", adierazi du Elgetako alkate Iraitz Lazkanok.

"Hau hasieratxo bat izan da", esan du Angiozarko alkate Jose Angel Mikeok. "Artxiboak berak balio handia dauka. Denon historia dago hor pilatuta eta badaude atal oso interesgarriak tarteka-tarteka aipatu eta ikertzeko modukoak".

Gustura agertu zen baita ere ekitaldiaren amaieran Uberako alkate Iñigo Barruso. "Aiton-amonei entzundakoak aipatu dituzte hemen askok, eta jende hori desagertzen doan neurrian gazteek ez dute historia hori jasoko. Ekitaldiak balio izan du baita ere gure arteko harremanak sendotzeko eta aurrerantzean lankidetza moduak adosteko; izan ginen hori apur bat mantentzeko; izan ere, nahiko solte gabiltza bakoitza bere aldetik".

Artxibo historikoaren garrantzia

Garrantzia handia eman zioten atzokoan Elgetako artxibo historikoan gordeta daude agiriei eta Cainzosek interesekoak jotzen dituen hainbat erakutsi zituen atzo. Hala nola, 1623ko Elgeta erakusten duen mapa bat, berreskuratu berria izan den eta Elgetako hiri gutunaren berrespenak jasotzen dituen liburu bat eta desanexioa jasotzen duen akta liburua.

Garbiketa eta antolaketa lan sakona egin dute Manolo Cainzosek eta Txema Barrutiak Elgetako artxiboan. Atzoko hitzaldiaren ostean ikusteko aukera ere izan zuten bertaratutakoek. Interes handiko dokumentu asko daudela esan zuten eta oso baliotsuak. Ez galtzeko ezinbestekotzat jotzen dute digitalizatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak