Arrasateko Sambamaña batukada eta Lasarte-Oriako Dinbi Banda taldea ibili dira antolakuntza lanetan. Egun guztiko egitaraua prestatu dute. Goizeko 10:30ean Herriko Plazan egingo da harrera ekitaldia. Ostean, parte-hartzaileendako hainbat tailer izango dira; txalaparta tailerra, panderoa joten ikastekoa, body percussion tailerra edota euskal dantzena. Eta bazkaria Herriko Plazan egingo dute. Arratsaldeko 17:00etan, berriz, tailer irekia izango da batukaden erritmoan nola dantzan egin ikastekoa. Kalejira ere egingo dute eta ekitaldi nagusia 20:00etan izango da Herriko Plazan. Han batukaden emanaldiak egingo dituzte, eta kontzertuekin amaituko da eguna.
Horren aurrean, antolakuntza lanetan dabiltzan Arrasateko Sanbamaña batukada taldekoak urduri eta ilusioz daude. Urduri, erantzukizun handia izango delako eurendako, baina ilusioz ere bai, asko ikasteko gogoz daudelako.
Aurtengo leloak dioen bezala, Batukaden doinue, jo ta sue! ibiliko dira zapatuan Arrasateko kaleetan.