Eskualdeko talde sozialistek Patxi Lopez babesten dute

Ubane Madera 2017ko mai. 19a, 19:25

PSOEren afiliatuek etzi, domeka, dute alderdiko Idazkari Nagusia zein izango den erabakitzeko bozketa eguna. Lehian dira Patxi Lopez, Pedro Sanchez eta Susana Diaz hautagaiak. Debagoienean, talde sozialista dagoen udalerrietan ahalbidetuko dute bozketa: Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran eta Antzuolan.

Gainontzeko udalerrietako afiliatuek lau udalerri horietako batean bozkatu beharko dute. 20:00ak arte jasoko dituzte botoak. Eta ohi den moduan, hauteslekuak itxi ondoren botoen zenbaketa egingo dute. Edozelan ere, eskualdean Patxi Lopezek ditu aukera handienak, berau babesten du-eta Debagoieneko afiliatuen gehiengoak.

Edozelan ere, badira Susana Diazen zein Pedro Sanchezen aldekoak ere. Hona hemen hautagai bakoitzaren aldekoen argudioak, Debagoieneko hiru ordezkari sozialistaren ikuspuntutik:

Patxi Lopezen alde

Paco Garcia: "Patxi Lopez babestu dut, uste dudalako pertsona egokiena dela alderdia lasaiarazi eta PPren alternatiba izan gaitezen. Eskumari aurre egiteko ezkerreko politikak egin behar ditugu, PPk garamatzan desastrea saihesteko (…) Uste dut borondateak batuko dituen pertsona dela. Gu ez gaude inoren kontra; guretzat, guztiak dira kideak. Berme gutxiago eskuratzeak ez du ezer esan nahi. Bagabiltza ikusten inkestek hautagai bati garaipena eman eta hauteskundeetan guztia galtzen duten kasuak; Frantzian edo Alemanian gertatutakoak; zeinek esango zuen Trump AEBetako presidente izango zela?
Politika oso aztoratuta dago; ez dut baztertzen Patxi Lopez izatea idazkari nagusi; ez dut esaten irabazi egin behar duenik ere… Partidua orain hasi da. Azken minutura arte baloia jokoan dago eta ikusiko dugu zeinek sartzen duen azken gola. Alderdia zatikatuta dago; baina PSOEk 138 urte bete ditu eta okerrenetik pasatu da: alderdikideak bahituta, fusilatuta, kartzelatuta, terrorismoak jazarrita… eta beti egin du aurrera. Orain ere aurrera egingo du. Norbaitek uste badu PSOE hil egin behar dela, oker dago, eta hala nahi duenak ez du lortuko.Espero dut bozketaren biharamunean guztiok bat egingo dugula demokratikoki aukeratutako idazkari nagusiarekin; hala ez balitz,  PSOEren haustura gertatuko litzateke, eta ez gertatzeko bezain zentzudunak bagarela uste dut".

Pedro Sanchezen alde

Jose Gonzalez: "Pedro Sanchez bermatu dut azkeneko hauteskundeetan berak defendatu zuelako Rajoyrekiko ezezkoa, ez ezetz da. Nik hura babesten segitzen dut Rajoyri ezetz esaten jarraitzen dudalako. Gainera, Talde Kudeatzailea sartu zen erdian, amarruren bat egin zuten, eta hori ez zitzaidan batere gustatu, ezta esku artean darabiltena ere. Patxi Lopez lehendakaria izan da eta gauzak oso ondo egin zituen, baina ez du aukerarik. Hautagai ona da, baina dituen berme kopuruarengatik ez dut uste aukerarik duenik. Eta Susanak ez nau konbentzitzen, eskumara lar egiten duela uste dudalako, eta erabat ezkerrekoak garenok… Uste dut maiatzaren 21ean Sanchezek irabaziko duela, eta, hala ez bada, gehiengoa errespetatu eta Susanak irabazten badu, hura babestu beharko dugu. Adostasunak lortu eta alderdia apurtu barik elkartu egin beharko lukete". 

Susana Diazen alde

Aritz Arrieta: "Susana abalatu eta hura bozkatuko dut. Abal gutxi izan ditu bailaran, baina gauza bat abala da eta beste bat botoa. Susanaren hautagaitza ilusioz beteriko proiektua da eta helburua da PSOE sendo eta irabazlea izatea berriro ere. Gehiengoaren laguntzaren euskarria du, bermeekin ikusitako moduan. Ez du bere neurriko alderdi bat egin nahi; alderantziz, militanteen parte hartzearekin indartu nahi du alderdia. PSOE bateratzeko momentua heldu da, oso momentu latzak bizi izan ditugu. Alderdiaren etorkizuna dago jokoan eta PP gobernutik kanpo aterako duen pertsona bat behar dugu, irabazten ohituta dagoena. Susanaren lehentasuna herritarren ongizatea da; horretarako, hainbat lege aldatu/berriztatuko ditu. Gauza hauek guztiak aurrera eramateko alderdi sendo bat behar dugu izan, eta hauxe lor dezakeen bakarra gaur egun Susana da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak