Manolo Cainzos: "Luzea eta gatazkatsua izan zen Uberaren eta Angiozarren desaneksioa"

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mai. 19a, 08:30

Manolo Cainzos, martitzenean, Elgetako udaletxe aurrean.

90 urte betetzen dira Ubera eta Angiozar Elgeta izatetik Bergara izatera pasa zirela. Gaiaren inguruko mahai-ingurua egingo dute, martitzenean, Elgetako udaletxean. Txema Barrutiaren laguntzarekin hainbat dokumentu aurkitu ditu erretiratu eta historia zale Manolo Cainzosek Elgetako udal artxiboan. 

Elgetako historia jasoko duen argitalpen bat prestatzen ari da Manolo Cainzos, eta ordu asko eman ditu azkenaldian udal artxiboko dokumentu artean Txema Barrutiarekin batera. Liluratuta daude egindako hainbat aurkikuntzarekin. Horien artean 1927ko desanexioaren inguruko informazio ugari dago. Gaiaren inguruko hitzaldia egingo dute martitzenean, 19:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.  

Desanexioaren inguruko informazio berri ugari aurkitu duzu?
Prozesu luzea eta gatazkatsua izan zen eta hainbat dokumentu agertu dira udal artxiboan. 90 urte dira bi auzo horiek Elgeta izatetik Bergara izatera pasa zirela eta egoki iruditu zaigu egindako aurkikuntzak baliatuz gaiaren inguruko ekitaldi berezi bat antolatzea. Gainera, Elgetako Udalak, Angiozarrek eta Uberak Asentzioko festa berreskuratu gura dute. Mahai-inguru bat prestatu dugu eta hiru alkateak —bi auzo-alkateak dira— gonbidatu ditugu.

Zergatik erabaki zuten bi auzo horiek Elgeta uztea?
Hainbat arrazoi ageri dira dokumentuetan. Bergarak zerbitzu hobeak zituen, eta industrializazioaren eraginez lehen lanpostuak sortzen hasiak ziren. Harreman komertzialak ere Bergararekin zituzten eta komunikazioak ere egokiagoak ziren. Kontuan hartu Angiozar-Bergara errepidea 1890koa dela, eta Kanpanzarreko bidea 1972koa. Angiozarrek ez du Asentziorako biderik 1984ra arte.

Liskar handiak izan ziren?
Prozesu gatazkatsua izan zela esango nuke. 1920an Eibarrerako errepidea proiektatu zuten. Inbertsio ikaragarria suposatzen zuen elgerrendako eta Angiozarrek eta Uberak ez zioten interesik ikusten. Hor hartzen du indarra, nire ustez, desanexioaren ideiak. Negoziazio luzeen ostean adostasun batera heldu ziren eta orduko erakundeek baimendu egiten zuten desaneksioa.

Elgetarendako zer suposatu zuen?
Galera handia. Biztanleen erdia eta baserri kopuruaren erdia baino gehiago galdu zituen. Desanexioaren aurretik 183 baserri bazituen ostean 83 gelditu zitzaizkion. Prozesu luzea eta korapilatsua izan zen adostu behar izan zituztelako, esaterako, mugak. Elgetako Udalak, gainera, konpentsazio ekonomiko bat eskatu zion Bergarakoari.

Informazio hori guztia Elgetako udal artxiboan aurkitzen da?
Noski! Eta altxor handia da! Elgetako historiaren inguruko liburu bat prestatzen ari naiz eta dokumentazio bila sartu ginen artxibora Txema Barrutia eta biok. Gauza asko agertu dira.

Zein egoeratan aurkitzen da Elgetako udal artxiboa?
Katalogazio eta kontserbazio lan batzuk egin dira, baina asko dago egiteko. Barrutiak eta biok denbora bat daramagu horri guztiari buelta bat ematen, eta martitzeneko ekitaldian artxiboa ikusteko aukera ere emango dugu. Bisita gidatu moduko bat eskainiko dugu.

Zeintzuk izan dira artxiboan egindako aurkikuntza esanguratsuenak?
Erdi Aroan Elgeta zelakoa zen erakusten duen plano bat berreskuratu dugu, 1623koa. Martitzenean erakusteko asmoa dugu. Horrekin batera, Lugon —Galizian— lokalizatu dugu hiri-gutunaren konfirmazioa jasotzen duen balore handiko liburu bat. Elgetako hiri-gutunaren erreplika bat ere eskatu dugu Simancaseko artxibora. 1335eko hiri gutuna da, lehenengoa!

Martitzenean horiek guztiak ikusteko moduan izango gara?
Baietz espero dut. Udal artxibora egitekoa dugun bisitarekin batera, gainera, azaldu nahi diogu jendeari pergamino baten berreskuratze lanak zertan datzan. Udal artxiboan badago zaharberritutako liburu bat eta prozesua zein izan den azaldu nahi diogu jendeari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak