goiena.eus

Mutrikura, azkenera arte borrokatzera doa Aloña

  Kirola  Debagoiena  Oñati

Liga amaitzeko bi partiduren faltan Aloña Mendik lau puntura dagoen Elgoibar du begiz jota. Urzelairen mutilek garbi dute matematikak ez dituztela aldeko, baina ez dute amore emateko asmorik; klubetik autobusa jarri dute zaleendako. Mondrak eta UDAk, berriz, etxeko zaleak agurtzeko aukera izango dute

Jaitsiera postuetatik ihes egiteko borrokan Aloña Mendik (33 puntu) Elgoibar du kontrario gertukoena (37), eta oraindik arriskuan daude 39na puntu dituzten Touring, Beti Gazte eta Vasconia. Horrek esan gura du, talde horietako edozein gainditzeko oñatiarrek geratzen diren bi partiduak irabazi behar dituztela –Elgoibarren eta Zarautzen kontra–, eta ondoren, besteen akatsen zain egon behar dutela. 

Zaila da, oso zaila, baina ez da ezinezkoa, eta domekan Vasconiaren kontrako garaipen lehiatuak (1-0, Unai Gilen golaz) erakutsi zuen oñatiarrak dena emateko gertu daudela. Broma gutxi egon zen berdegunean, eta bihar (15:15) bosgarren dagoen Mutrikuk ez du partidua intentsitate berdinarekin jokatuko; hor Aloña Mendik ezin du parekorik izan. Bada, harmailetan zaleen babesa izateko klubetik autobusa jarri dute; 14:15ean abiatuko dira Ibarrako geltokitik, eta txartelak Aloña Mendi tabernan egongo dira salgai egubakoitzera arte. 

Mondra eta UDA etxean

Kategoria berean, Mondrak eta UDAk etxeko zaleak agurtzeko aukera izango dute asteburuan. Arrasatekoek Amaikak Baten kontra jokatuko dute bihar (16:30), eta azken hilabete eta erdiko bolada txarra eten gura dute; bigarren itzulian talde askok neurria hartu diete, lehenengoan ligako sorpresetako bat izan eta gero.

Aretxabaletari, berriz, oso gutxi falta izan zaio ostera ere hirugarren mailara igotzeko borrokan ibiltzeko; Oiartzunen bisita izango dute etzi (16:30).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa