Hezkuntza publikoko greba ez da izan erabatekoa Debagoienean

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko mai. 16a, 16:08

Greba egin dute Bergaran, Eskoriatzan eta Elgetan, baita Aretxabaletako DBHn ere. Grebarik egin ez dituzten zentroak ere izan dira Arrasaten, Antzuolan, baita Aretxabaletan ere. Oñatin, Aramaioko eskolan eta Aretxabaletako Lanbide Heziketa zentroan, aldiz, erabakia ez da loteslea eta irakasle bakoitzak erabaki du greba egin ala ez.

Greba eguna dute gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. ELAk, Steilasek, LABek eta CCOOk deitu dute protestara, eta aldarrikapenen zerrenda luzea dute sindikatuek: inbertsio handiagoa, ratio txikiagoak edota ordezkapenak lehenengo egunetik eskatzen dituzte, besteak beste. Baina Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ez die nahi duten erantzunik ematen.

Bileran desadostasunak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko eta sindikatuetako ordezkariek mahai sektorialean bilera egin zuten atzo. Desberdintasunak agerian geratu ziren. Aldarrikapenetan ez ezik, egungo egoeraren azterketan ere ez baitaude ados. Bilerari buruzko iritzian ere ez datoz bat: Cristina Uriarte sailburuak pausotzat jo du sindikatu guztiekin batu izana; ELAko ordezkari Xabier Irastorzaren hitzetan, berriz, “etsigarria” izan da.

Mobilizazioak lehendik datoz. Martxoaren 22an ere antolatu zuten greba eta egoera “larria” dela ohartarazi dute.

Gehiengo sindikalak, gaurko ez ezik, hurrengo martitzenerako ere, hilaren 23rako ere, antolatua du greba eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak