Greba eguna dute gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. ELAk, Steilasek, LABek eta CCOOk deitu dute protestara, eta aldarrikapenen zerrenda luzea dute sindikatuek: inbertsio handiagoa, ratio txikiagoak edota ordezkapenak lehenengo egunetik eskatzen dituzte, besteak beste. Baina Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ez die nahi duten erantzunik ematen.
Bileran desadostasunak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko eta sindikatuetako ordezkariek mahai sektorialean bilera egin zuten atzo. Desberdintasunak agerian geratu ziren. Aldarrikapenetan ez ezik, egungo egoeraren azterketan ere ez baitaude ados. Bilerari buruzko iritzian ere ez datoz bat: Cristina Uriarte sailburuak pausotzat jo du sindikatu guztiekin batu izana; ELAko ordezkari Xabier Irastorzaren hitzetan, berriz, “etsigarria” izan da.
Mobilizazioak lehendik datoz. Martxoaren 22an ere antolatu zuten greba eta egoera “larria” dela ohartarazi dute.
Gehiengo sindikalak, gaurko ez ezik, hurrengo martitzenerako ere, hilaren 23rako ere, antolatua du greba eguna.