Apustuak Irribarriaren aldekoak ziren hasieratik eta bi pilotariek asko jokatu badute ere aramarra gehiago izan da. Bana, bina eta hiruna berdindu dute norgehiagoka hasieran, baina hortik aurrera Irribarria aurretik joan da eta zenbait unetan alde handiarekin. Hirunako berdinketaren ostean sei tantoko aldea hartu du markagailua 9-3 ipiniz, eta hortik aurrera errenta handitzen joan da 21-9 egitera arte.
Bergararrak, ordea, ez du amore eman. Nahiz eta Irribarria partidua irabazteko tanto bakarrera egon min egiten ahalegindu da eta zortzi tanto egin ditu ilaran. Sakean asmatu du gehienbat eta urduri jartzeraino estutu du Irribarria. "Uste dut bukaeran pixka bat estutu dudala eta pozik nago. Ihes egin dit eta bukaeran ezin izan diot bueltarik eman", esan du Rezustak.
Bergarako atzelaria lau onenen artean sartu da aurten. Ez zuen konfiantza handirik txapelketa hasieran baina konfiantza hartzen joan da eta lan polita egin du azkenean. Txapelketa amaitzeko partidu bat gelditzen zaio orain. Hurrengo domeka arratsaldean jokatuko du Donostiako Atano III. pilotalekuan Urrutikoetxearen aurka. Sarrerak eskuragarri daude 688 857 510 telefono zenbakian.
Bengoetxea eta Irribarria finalean
Oinatz Bengoetxeak irabazi zuen atzo beste finalerdia. Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatu zuen Labriten eta 22-08 irabazi zuen. Hala, Bengoetxea eta Irribarria izango dira aurtengo Buruz Buruko txapelketako bi finalistak. Maiatzaren 28an jokatuko dute, Bilbon.