Jose Antonio Aperribai bergararrak gaur jaso ditu Euskalerriaren Adiskideen elkarteko domina eta diploma. Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin dute ekitaldia eta jendez lepo egon da. "Elkarteak zure moduko pertsonak behar ditu", esan dio Aperribairi Euskalerriaren Adiskideen elkarteko Gipuzkoako presidente Juan Bautista Mendizabalek. Bergarako alkate Elena Lete ere ekitaldian izan da eta Aperribaik egindako lanaren garrantziaz egin du berba.
Ohitura den moduan Xabier Munibe Peñafloridak esan ohi zuen pasarte bat irakurri dio Mendizabalek Aperribairi. Kide berriaren aurkezpen sakonagoa egin du Julian Serranok eta bereziki azpimarratu du botanika alorrean bergararrak egindako lana. Hain zuzen ere botanikaren ingurukoa izan da izendapen ekitaldian Aperribaik irakurri duen ikasgaia: Basoko ekosistema eta sinbiosia. Naturaren ikuspuntua zuen izenburua.
Bergararra 1983an hasi zen herbario bat osatzen. Herbario hori informatizatuta dago gaur egun, hain zuzen ere biodibertsitatearen informazioaren munduko azpiegitura erakundearen nazioarteko arauen arabera. Hiru mila paper-orri baino gehiago ditu eta dozenaka dira Aperribaik Gipuzkoan lehenengoz katalogatutako landareak.
Ekitaldian musikak ere izan du tartea. Mozkorra parregarri eta Alai taldeek egin dute emanaldia.