Txokolateak badu alde iluna eta aurre egin diezaioguke

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mai. 13a, 16:58

Gorka Martinez Arrasateko Harreman dendan eskaintzeko dituzten txokolate tabletekin.

Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna da gaur eta txokolate dastaketa egiten ari dira Arrasateko Harreman Dendan. Kakaoaren ekoizpenean ematen diren esplotazio egoerak salatu eta merkataritza justuago bat posible dela aldarrikatu gura dute ekimenarekin.

Sei txokolate mota dastatzeko aukera ematen ari dira Arrasateko Hiper Eroskiko sarreran dagoen Harreman Dendan. Fairtrade zigiludun produktuak dira guztiak. Horrek esan gura du bermatuta dagoela produktu horien ekoizpen prozesua baldintza jakin batzuetan eman dela. "Afrikako kakao plantazioetan 1.200.000 umetik gora bizi dira lan-esplotazio egoeran. Txokolateak badu bere alde iluna", adierazi du Harreman Dendako koordinatzaile Gorka Martinezek.

Ekimen honetako bultzatzaileek kontsumitzaile moduan dugun ardura eta boterea jarri nahi dute mahai gainean. "Txokolatea eskaintzea eta kakaoaren osagaiak eta ezaugarriak zeintzuk diren azaltzea da gure asmoa. Horrekin batera txokolatearen ekoizpenaren inguruan dugun informazioa zabalduko dugu: esaterako, ekoizleak zein egoeratan bizi diren edo zein alde dagoen Fairtrade zigilua duten/ez duten txokolate tabletan artean".

Martinezek azaldu duenez munduko kakao kontsumoaren %1 soilik da Fairtrade zigilua duena. "Afrikan ekoizten da kakaoaren %73. Haurrak dabiltza lanean eta ezin dira eskolara joan. Horrek komunitate horien garapena eragozten du eta pobrezian bizitzera behartzen ditu".

Bidezko merkataritzaren aldekoek uste dute harreman justuagoak posible direla eta kontsumitzaileen ardura aldarrikatzen dute. "Kontzientzia hartu behar dugu kontsumitzaile moduan dugun botereaz. Europa iparraldeko herrialdeekin konparaketa egiten badugu ikusiko dugu nola bertako supermerkatuetako txokolate marka zuriek Fairtrade zigilua duten. Han kontsumitzailea zorrotzagoa da. Jarrera hori bultzatu nahi dugu gurean".

Kafea eta azukrea kontsumituenak

Martinezen esanetan kafea eta azukrea dira hemengo bidezko merkataritza saltokietan gehien saltzen diren produktuak. "Gurean ere bikoiztu egin dugu produktu horien salmenta azken bi urteotan", azaldu du. "Gure dendako produktu guztiak dira bidezko merkataritzakoak eta helburua da produktu horiek bestelako esparruetara zabaltzea: supermerkatuak, ostalaritza negozioak, elkarteak... Hori da gure lana: Faitrade zigilua duten produktuak zabaltzea".

Arrasateko Harreman Dendako koordinatzaileak azaldu duenez Fairtrade edo bidezko merkataritzako ekoizleen sarea 75 herrialdetara hedatu da, izan Afrikan, Asian edo Hego Amerikan. "Dagoeneko bi milioi ekoizle daude sarean lanean. Horien artean milioi bat Afrikan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak