Dantzari helduen taldeak elkarrekin Aretxabaletan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko mai. 12a, 18:40

Iaz Oñatin egin zuten Bailarako Helduen Dantzari Eguna.

Ibarreko dantzari helduen taldeek topaketa egingo dute bihar, zapatua –bost talde izango dira–. Aretxabaletako Leizarra Dantza Taldearen ardura izan da anfitrioi lanak egitea, eta Oñatiko, Arrasateko eta Antzuolako dantza taldeak gonbidatu dituzte.

Orain dela bi urtetik, Leizarra Musika eskolak du herriko dantza taldearen ardura eta hari dagokio, aurten, biharko egitaraua antolatzea. "Ohituta gaude haur dantzariak kalean ikustera, baina ez horrenbeste adin batetik gorako dantzariak elkarrekin ikustera; eta, hain justu, hori da biharko topaketaren helburua, bailaran dauden helduen taldeen lana herritarrekin partekatzea", azaldu du Mariatxen Urkiak, Leizarra musika eskolako zuzendariak.

Talde bakoitzak bere izaera eta ezaugarriak dituen arren, bailarako taldeen arteko harremana gertukoa eta elkarlanean  oinarritutakoa dela dio Urkiak: "Hiru hilean behin biltzen gara elkarrekin egiten ditugun topaketak prestatzeko. Horrez gainera, elkarrekin ikastaroak ere egiten ditugu. Esaterako, dantza talde batek dantza zehatz bat ikasi gura badu eta beste talderen batek baldin badaki, bata bestearen irakasle izaten gara askotan; eta kanpotik irakasleren bat ekarri behar badugu, guztion artean adosten dugu".  

Kalejira, alardea eta bazkaria

120 dantzari inguru batuko dira; erdiguneko kaleetan zehar kalejira egingo dute, 11:30ean, eta alardea gero, 12:00etan, Herriko Plazan. "Dantza batzuk elkarrekin dantzatuko ditugu: mutilek, esaterako, Gipuzkoako Paloteatua eta Oiongo Patroia eskainiko dituzte; neskek, besteak beste, Gorulariak eta Cuatro calles. Horrez gainera, dantza mistoak ere izango dira: arin-arina eta fandangoa, Arabako poutporria eta Domingiloa. Ondoren, talde bakoitzak dantza bana eskainiko du. Durana kalean bazkalduko dugu gero, eta arratsaldean, dantza poteoa egingo dugu erdiguneko tabernetan", azaldu du Mikel Arcek, Leizarra DantzaTaldeko irakasleak.

Datorren urtean, 25 urte

Herriak txandakatuta antolatzen dituzte, eta hurrengoa Arrasaten egitea aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak