Etorkizuna Eraikiz programaren esperimentazio proiektuetan parte hartzen dabiltzan hogei enpresek 3.500 langile dituzte eta horien helburua da Gipuzkoako etorkizuneko erronkei erantzuna emateko irtenbide zehatz, erreal eta transformatzaileak identifikatzea eta aplikatzea. Hain zuzen, Foru Aldundiak xede horrekin jarri zuen abian Etorkizuna Eraikiz egitasmoa.
Esperientzia pilotuan diharduten enpresak Gipuzkoan dauden enpresa tipo ezberdinen isla dira. Partaidetza proiektuan hamar enpresa daude, besteak beste, Ulma Taldea, Bidegi, Berritek eta Biele Group. Eta gaurko topaketan langileen parte hartzea indartzeko izan dituzten arrazoien berri eman dute, baita enpresa bakoitzeko lan ildo nagusien berri ere: parte hartzearen printzipioetan sentsibilizatzea, langileak partaidetzarako trebatzea…
Berdintasun eta kontziliazio proiektuan beste hamar enpresa elkartu dira, besteak beste, Erreka, Angulas Aguinaga, Bera Bera Kirol Kluba eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Enpresa horiek hainbat jarduera ildo landuko dituzte, hala nola, ondorengo hauek ahalbidetzeko: askotariko talentuaren kudeaketa, jendea erakartzeko teknika berriak, aukera berdintasuna sustatuko duten kudeaketa sistema berriak…
Lankidetza estrategiak indartu
Foru Aldundiak antolatutako lan topaketan esperientziak trukatu eta eta lankidetza estrategiak indartu dituzte. "Gaur partekatu diren esperientziek pertsonen garapen pertsonal eta profesional osoa lortzea ahalbidetuko dute, Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntzan isla izango duena", adierazi du Olanok, eta saio esperimentalekin ekarpen nabarmena egiten ari direla azpimarratu du: "Gipuzkoa lurralde modernoagoa, irekiagoa, kolaboratiboagoa, parte-hartzaileagoa eta ezberdintasun ekonomiko eta sozial gutxiagokoa izateko". Era berean, pertsonek izan behar dutela eraldaketaren ardatz nabarmendu du diputatu nagusiak, eta "ezinbestekoak direla langileen partaidetza eta bizitza pertsonal eta profesionalaren arteko kontziliazioa ekonomia sustatzeko".