Langileen partaidetza eta kontziliazioa bultzatzeko hasi dira lanean Aldundia eta Gipuzkoako enpresak

Mirari Altube Arrese 2017ko mai. 8a, 15:13

Diputatu nagusia bileratuta.

Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, langileen partaidetza eta kontziliazioa bultzatzeko esperientzia pilotuak jarri ditu abian Aldundiak, eta horietan parte hartzen ari diren hogei enpresatako ordezkariak elkartu dira gaur Markel Olano diputatu nagusiarekin, besteak beste, Ulma Taldea eta Erreka.

Etorkizuna Eraikiz programaren esperimentazio proiektuetan parte hartzen dabiltzan hogei enpresek 3.500 langile dituzte eta horien helburua da Gipuzkoako etorkizuneko erronkei erantzuna emateko irtenbide zehatz, erreal eta transformatzaileak identifikatzea eta aplikatzea. Hain zuzen, Foru Aldundiak xede horrekin jarri zuen abian Etorkizuna Eraikiz egitasmoa.

Esperientzia pilotuan diharduten enpresak Gipuzkoan dauden enpresa tipo ezberdinen isla dira. Partaidetza proiektuan hamar enpresa daude, besteak beste, Ulma Taldea, Bidegi, Berritek eta Biele Group. Eta gaurko topaketan langileen parte hartzea indartzeko izan dituzten arrazoien berri eman dute, baita enpresa bakoitzeko lan ildo nagusien berri ere: parte hartzearen printzipioetan sentsibilizatzea, langileak partaidetzarako trebatzea…

Berdintasun eta kontziliazio proiektuan beste hamar enpresa elkartu dira, besteak beste, Erreka, Angulas Aguinaga, Bera Bera Kirol Kluba eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Enpresa horiek hainbat jarduera ildo landuko dituzte, hala nola, ondorengo hauek ahalbidetzeko: askotariko talentuaren kudeaketa, jendea erakartzeko teknika berriak, aukera berdintasuna sustatuko duten kudeaketa sistema berriak…

Lankidetza estrategiak indartu

Foru Aldundiak antolatutako lan topaketan esperientziak trukatu eta eta lankidetza estrategiak indartu dituzte. "Gaur partekatu diren esperientziek pertsonen garapen pertsonal eta profesional osoa lortzea ahalbidetuko dute, Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntzan isla izango duena", adierazi du Olanok, eta saio esperimentalekin ekarpen nabarmena egiten ari direla azpimarratu du: "Gipuzkoa lurralde modernoagoa, irekiagoa, kolaboratiboagoa, parte-hartzaileagoa eta ezberdintasun ekonomiko eta sozial gutxiagokoa izateko". Era berean, pertsonek izan behar dutela eraldaketaren ardatz nabarmendu du diputatu nagusiak, eta "ezinbestekoak direla langileen partaidetza eta bizitza pertsonal eta profesionalaren arteko kontziliazioa ekonomia sustatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak