Mailaz igotzeko apustu serioa egin dute Arizmendi UDAko jokalariek, eta atzoko garaipenaren ostean (3-1) eskura dute helburua, dagoeneko sailkapeneko lehen postura igo direlako, besteak beste, Anaitasuna eta Ostadar atzean utzita. Hain zuzen, atzo lider zegoen Azkoitiko taldea izan zuten kontrario, eta hura zen etxekoak zer egiteko gauza diren erakusteko partidua. Bada, ez zuten kalerik egin.
Lehenengo zatia 1-1ekoarekin amaitu zuten, baina bigarrenean kanpotarrak menderatu zituzten, erakutsiz, orain momentuan Arizmendi UDA dela igoera faseko talde erreferentea. Ez dago dena eginda, Ostadarren zelaian jokatuko dute faseko azkeneko norgehiagoka, baina besteen emaitzen zain egon barik, Arizmendi UDAren eskuetan dago urteko helburua.
Kopan Mondrako neskek indartsu jarraitzen dute
Arrasateko taldeak lehenengo postuan jarraitzen du kopan, atzo Ilintxari errepaso ona eman eta gero (5-1). Atsedenaldirako zuri-moreak 4-0 ziren aurretik, eta bigarren zatian egin zuten bosgarrena. Garaipen horrekin, Mondrak multzoko lidertza ziurtatu du eta kopako final-laurdenak etxean jokatuko ditu, beste multzo bateko bigarrenaren kontra. Bergarak, berriz, asteburu honetan atsedena izan du.