Sari eskasa Mondrarendako eta UDArendako, kolpe gogorra Aloña Mendirendako

Xabier Urtzelai 2017ko mai. 6a, 20:54

Azkarate, bigarren zati hasieran, Touringekoen aurrean Imanoli pasea ematen.

Mondra da Ohorezko Erregionalean etxean jokatu duen talde bakarra, eta gaur Mojategiko berdegunean erakutsi dutenerako sari eskasa jaso dute Zubiaren mutilek –gaur Muruamendiaraz egon da taldea zuzentzen–. Bana berdindu dute Touringen kontra, eta UDAk ere berdindu egin du Hondarribian. Aloña Mendi, ostera, zulora erori da (1-0).

Partidu osoan zehar Touring baino gehiago izan dira Mondrakoak, baina zer diren bolada on eta txarrak, dinamika positiboak eta ez horren positiboak. Partidu berdina eginda, Zubiaren taldeak lehenengo itzulian erraz irabaziko zukeen gaurko norgehiagoka, baina orain momentuan ez dute dena horren erraz egiten, nahiz eta lehen moduan ahalegindu.

Kontuak kontu, eta nahiz eta baloia birritan langara bota, lehenengo zatian Touring erretiratu da 0-1eko abantailarekin. Bigarren zatian, berriz, hasierako minutuetan Mondra Touringen gainetik pasa da. Gol aukera ederrak izan dituzte, eta horietako batean egin du Mikel Aizpuruak 1-1ekoa.

Bazirudien lehenengo gola baino ez zela izango, gehiago etorriko zirela, besteak beste Uribarrenek izan du aukera polita, baina ez du sareratzen asmatu, eta ondoren, ostera ere langara bota dute zuri-moreek beste jaurtiketa bat. Mikel Aizpuruak bigarrena egin du, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi du, eta Arrasateko jokalariek eurek onartuta, zuzen hartutako erabakia izan da. Bada, berdegunean nagusitasuna erakutsita, baina ate aurrean ezintasuna, Mondra puntu bakarrarekin konformatu behar izan da.

Aretxabaletak berdindu, eta Aloña Mendik galdu

Aretxabaletak puntu beharrean dagoen Hondarribiaren zelaira egin du bisita. Kostaldekoak ez dira atzealeko postuetan larrien daudenak, baina aurten baliteke hiru talde beharrean lau jaistea mailaz –hirugarren mailan Tolosa eta Pasaia jaisteko bidean direlako– eta laugarren postu horrek talde asko sartzen ditu saltsan. Esandako moduan, baita Hondarribia ere. Hala, bigarren postua harrapatzeko borrokan dabilen Aretxabaletak puntu bakarra baino ez du lortu Hondarribian.

Aloña Mendik, ostera, 1-0 galdu du bigarren postuan dagoen Hernaniren zelaian, eta porrot horrekin bertan behera geratu dira joan den astean Martuteneri irabazi ostean piztutako esperantzak. Urzelairen mutilei matematikek oraindik mirari baterako tartea uzten badie ere, oso zail dute kategorian jarraitzea. Elgoibarrek berdindu eta Beti Gaztek irabazi ostean, oñatiarrek ostera ere sei puntura dituzte bi talde horiek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak