Talde indartsua eraman du Arrasatek gaur Mungiara, jokoan zegoenak merezi zuen horrenbeste. Joan den asteko garaipen garrantzitsuaren ostean, gaur ezin zuten Uribealdearen zelaian kalerik egin, eta halaxe izan da. Zubik egindako lehenengo entseguarekin hartu dute zuri-moreek abantaila, eta lehenengo zatian arrasatearrak bizkaitarren gainetik pasa dira.
Bigarrenean, partidu borrokatua
Talde beteranoa du Uribealdeak, txakurzaharrez betetakoa, eta jasotzen ari ziren errepasoaren aurrean erreakzionatu egin dute. "Bigarren zatia gogorra izan da, antza min egin die lehenengo zatian horren erraz mendean hartzea, eta bigarrenean gehiago kostatu zaigu. Hala ere, jokalariek sekulako partidua egin dute, bai erasoan baina batez ere defentsan. Partiduan izan duten jarrera, joko sistema zelan errespetatu duten... Urteko partidu borobilenetakoa izan da".
Orain, Euskadiko bigarren mailako txapeldun izanda, Kanpanzar Arrasatek mailaz igotzeko eskubidea du, baina duela bi urte egin moduan, erabakia hartu aurretik hausnartu egingo dute, mailaz igotzea ez delako azkar batean hartzeko moduko erabakia: "Gauza asko izan behar dira kontutan, zenbat jokalari izango ditugun, euren konpromiso maila...", izan ere, gogortasunean ere koska bat gora egingo luke ligak.
Orain, baina, ospatzen hasteko ordua da, eta dagoeneko hasi dira horretan, Bizkaia aldean.